Bitoriano Gandiaga Artetxe Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamairu urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak. Zarautzen zuen zuen nobizio-urtea (1947-1948). Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak (1948-1951) eta Arantzazun Teologiakoak (1951-1955). Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko urtarrilaren 21ean hil zen Arantzazun.
Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen (Aránzazu, Eusko-Gogoa, Olerti, etab.). Hainbat sari eta aipamen lortu zuen urte horietan olerki-lehiaketetan: Donostia (1951), Zarautz (1954) Arantzazu (1956), Euskaltzaindia (1959).
Aldizkaritan kaleratu zuen Gandiagak olerki hainbat (180 inguru) edota multikopiaturiko sortetan zabaldu (175 inguru). Horiez gain sei liburu argitaratu zituen Gandiagak bere bizitzan: Elorri (1962), Hiru gizon bakarka (1974), Uda batez Madrilen (1977), Gabon dut anuntzio (1986), Denbora galdu alde (1985) eta Ahotsik behartu gabe. Euskal abeslariek Gandiagaren poema ugari musikatu (150etik gora) eta grabatu eta publikatu (100 inguru) dute.
Literatur idatzi ugari utzi zuen argitaratu gabe hiltzean; bere bizitzan argitaraturikoak baino askoz gehiago: horietako gehienak nahikoa landuak edo guztiz burutuak; hainbat, zirriborro moduan. Idatzi guztien edizio kritikoa lantzearekin batera, eta argitaratu gabeko hainbat olerki eta testu bildu eta sailkatuz, aparteko bildumak argitaratu zituzten autorea hil ondoren: Adio (2005), eta lau tomo monografiko biltzen dituen Argitaratu gabeko poemak izenekoa (2006): Euskalminez, Biziminez, Jainkominez, Izadiminez. Gainera haren hainbat poema argitaragabe sartu zuten beste bi liburu hauetan: Justizia eta bakea. Poemak eta otoitzak (talde-liburua, 2003) eta Jaunarekin supazterrean. Gandiaga oroituz (Patxi Ezkiaga, 2003). .
Gandiagak bere bizitzan argitaraturikoen antologi zabalak ere argitaratu dituzte: Bitoriano Gandiaga Artetxe, Bizitza itxaropen delako (Amaia Iturbide; EHU, 2001, 306 or.) — XX. mendeko poesia kaierak. Bitoriano Gandiaga (Koldo Izagirre; Susa, 2001, 60 or.) — 50 0lerki gandiagatar. Berrogeita hamar urte (1951-2001) hitza zizelkatzen (Labayru, 2001, 68 or.).