Edukia: Zortzi atal. Atal bakoitzaren hitzaurrea: Joxe Azurmendi. Atal bakoitzaren sarrera: Bitoriano Gandiaga. Atal bakoitzaren hasierako irudia: Jose Luis Iriondo
Eskaintza: “Neure Maixuei asti-une eta biotz-aldietako kantuok”
Autorearen testiganzak
“Elorri ez zen izan liburu bat egitea: poematxoak elkarren ondoan segidan jarrita daude 8 ataletan, elkarren arteko korapillo nabariago gabe” (Gandiaga, B.: “Izendatu didazuen gaia” hitzaldia, in: Hegats 4 (1991) 215. or.)
“ELORRI” Arantzazu-n egiña det. Opor-aldietan geiena. Beti izan ditut lagun onak eta beti utzi didade nere idazteko griñari jarraitzen. Beti utzi didate bidean edo aurreratxoago edo atzeratxoago joaten edo neuk aukeratzen nuan arkaitz-gallurrera irtetzen edo maiteago nuan erreka-bazterra edo itur-ondoa edo pagadia aukeratzen.
Toki oietan eta artutako apunteak etxean lantzen eta ontzen nituan gero.
Lantze ta ontze kontu ori ez det beingoan bukatzekoa izan. Askotan aztertu ditut askotan desegin, askotan berriztatu” (“Elorri. Egillearekin izketan” (Pello Zabaletak egindako elkarrizketa), in: Jakin, 16, maiatza 1964, 69-72).
“1958-1960a urteak dira, eta hemen, beste izen bat aipatu, behar dut, Joxe Azurmendirena. Honen eskuetan utzi nituen Elorri izenpean idatzirik nituenak, eta honek bakandu, sailkatu eta sortatu zizkidan Elorri-n ageri diren eran. Elorri, bukatu, zen baino urte-pare bat beranduago agertu zen. Bilboko Gráficas Bilbao inprentan aurkitzen zen 61ean. Han harrapatu, zuen poliziak liburu gaiztoren batekin nonbait, eta Arantzazura bueltatu zidaten, gazteleraz jar nezan aholkatuz, eta hala itzuli zen”. (“Izendatu didazuen gaia”, in: Hegats 4 (1991) 209. or.).
Gaiak
Liburua esistentziala da funtsean Elorri: 80 bat poema bizi esperientziaren ingurukoak dira. Bizitza hori konkretuan Arantzazun bizi du, ordea, Gandiagak, eta Arantzazu bera dute gai 40 poema inguruk: Andre Maria, santutegia, erromesak, fraideak, etab. Baina Arantzazuko “santutegi natural” zabalagoan bizi da Gandiaga, eta izadi hori kantatzen du, modu lirikoan eta sarritan sinbolikoan. Elorria da, hain zuzen, Arantzazuko eta bizitzako sinbolo nagusia liburu honetan, eta hainbat poema zuzenean elorriari dedikatuak dira. Erro-errotik erlijiozko poesia da Elorri:Andre Mariarekin batera bestelako zio erlijiozkoak ageri dira zuzenean zenbait poematan, otoitz moduan landuta sarritan.
Idazte-datazioa: 1952-1959
Inprimategirako jatorrizko testua ez zaigu iritsi, baina argitaraturikoetatik erdiak inguru ELRL koadernotik hartu zituen –besteak argitalpenerako idatzi zituen nonbait zuzenean–. Autoreak goiko aipamenean esaten duenez, argitaratu baino bi urte lehenago bukatuta zeukan liburua, eta beste nonbait dioenez, “1960.erako idatzita neukan ELORRI” (OSK, “Oskarbi” karpeta, 2. or.). Horregatik hor agertzen diren olerkiak, bestelako datu zehatzagorik ezean, 1959 edo lehenagokotzat jo behar ditugu.
Aipaturiko “Izendatu didazuen gaia” hasten den hitzaldian beste hau ere badio: “Garai hau 1952-57 bitartekoa edo da. Ordukoak ditut gero Elorri-n agertu ziren poematxo asko. Gerora ere Jose Antoniorengana [Astigarraga] jotzen nuen, nere lantxoen orrazketa egiteko. Nire lantxoen xedea, esankizunak argi eta garbi adieratzea zen. Martxa honetan idatzi nituen gaur Elorri-n ageri diren poematxoak eta agertu ez zirenak.” (Hegats 4 (1991) 208. or.)
Hitzaldi berean aitortu zuen: “Elorri apaiz-karrerako azken urteetan eta apaizgoko lehenetan idatzia dut“ (Ibid., 208. or.). 1955ean amaitu zituen Gandiagak apaizetarako ikasketak.
Beraz garbi dago, Elorri-ko poemak idatzi 1952-1957 urteetan idatzi zituela funtsean; eta 1959an bukatuta eta inprimategirako prest zeuzkala.
Oharrak
Lehen edizioarekin batera horren gaztelaniazko itzulpena argitaratu zuten aparteko liburuan. Pedro Anasagastik itzuli zituen Gandiagaren poemak, beronen laguntzarekin. Autoreak dioenez, orduko Erregimenaren kultur politikak behartu zuen itzulpena egin eta argitaratzera.