Edukia: Zazpi atal, lehen biak poema luzeak: 1. Txakolinaren ospakuntza I (17-27 or.)– 2. Txakolinaren ospakuntza II (31-60 or.) – 3. Hiru gizonak bakarka – 4. Alegiak eta beste – 5. Korupekoak – 6. Hamaseiharrieta – 7. Artasoko salmuak.
Eskaintza: “Txakolinaren Ospakuntza I” (1. ed.) Anjel Azkarate eta Isabel Garai adiskideei (13. or.); “Txakolinaren ospakuntza II” (2. ed.) Pello M. eta Jexux M. Zabaleta anaiei.
Autorearen testiganzak
“Hiru gizon bakarka, nahiz eta ez liburu bezala kontzebitua egon, kondizioek berek batasun batekin sorrezari dute: kondizio horiek, Oteitzarekiko harreman hori ta momentu hartan Euskal Herria bizitzen ari zen bizitza-eztanda espresatu nahia da, besteak beste”. (Gandiaga, B., “Izendatu didazuen gaia”, in: Hegats 4 (1991) 211. or.).
“Gero argitara behar omen zirela hark [Oteizak], eta orduan Zabaleta anaiengana jo nuen laguntza eske. Oteitzak berak adierazi zidan pastoral txikien moduan era nintzakeela zenbait poema, eta antzezpen gisako bi osatu nituen Pello Zabaletaren laguntzaz.” (Bitoriano Gandiaga, “Izendatu didazuen gaia” hasten den hitzaldian, Hegats 4 (1991) 214. or.).
Gandiagaren “Artxiboko Koadernoa-1” izenekoan, 21. orrialdean hauxe dago berak idatzita: “Hiru gizon bakarka. Ez dago osorik. Lehen eta inun agertutakoak kenduta baizik”.
Gaiak
Gai sozialak dira nagusi liburu honetan: Euskal Herria (19) eta euskara (7), horien nahiak eta ezinak, buruhausteak eta esperantzak. Batez ere “Txakolinaren ospakuntza I” eta “Txakolinaren ospakuntza II” eta “Hiru gizonak bakarka” lehen hiru poemek bi gai horiek kantatzen dituzte modu “dramatikoz”. Arantzazuk eta bereziki hango arte modernoaren interpretazioak leku nabarmena du liburuan; Euskal Herriaren beraren joranen adierazgarritzat hartuz Arantzazu berriaren interpretazio artistikoa. Dena dela, Gandiagaren lehen liburuan –Elorri – poesia esistentziala, bizitza pertsonalaren interpretazio bezala, nagusi baldin bazen, bigarren honetan ere bere leku nabarmena du joera horrek, eta 16 bat poema bizi esperientziari buruzkok dira. Gainerantzean izadiaren gaia ere argi ageri da liburuan, batez ere lurraren bizipena (6 poema).
Idazte-datazioa: 1969-1971
Hona hemen Gandiagak Francisco Abrisketa adiskideari Bogotara idatzitako gutunean dioena bere “liburugaiari” buruz (1971-01-07): “Egia esan, nik neure aldetik, beste olerki sorta baten bidez ordaintzeko asmoa nenkarren –Abrisketak “Kolonbiar Olerki-Txorta” bidalia zion nonbait Gandiagari–, baina nekez agertu ahal izango da Oteiza hemen zegoelarik idatzi nuana. Zuk zeuk ere entzun zenuan zerbait orduan, idazten nengoan hartatik. Idatzi, agertzeko asmoz idatzi nuan, baina ez dago oraindik bere onean, eta itxoin egin beharko da, itxoiteak beti ere, liburuari egiten dion kaltearen kaltea gorabehera”.
Gandiagak berak dioenez, “1967-tik 69ra bitartean HIRU GIZON BAKARKA idatzi nuen, “Oteitzaren eskaritik Herriarenak entzunik” (OSK, “Oskarbi” karpeta, 2. or.).
Beraz, beste datu zehatzagorik ezean, liburu honetako olerkiak urte bitarte horretakotzat hartu beharko genituzke; nahiz eta horien lanketa, bereziki “Txakolinaren ospakuntza” I eta II poemen antzerki-forma geroztikakoa izan.
Oharrak
Dena dela, OSK-ko olerkiak 1967koak edo lehenagokoak baldin badira, eta HGB-ko testuak 1967 eta 1969 bitartekoak baldin badira, horrek esan nahi du Gandiagaren HGB zikloa ez dela hasten Oteizarekiko harremanarekin eta Oteizaren eragin hutsez, lehenagotik datorrela; izan ere Oteizarekiko harremana 1968ko udazkenean hasi zen, hura basilikako frisoa lantzera Arantzazura igo zenean.
HGB-1etik HGB-2ra zenbait lekutan aldaketa ortografiko eta morfologikoak egin zituen, orduko euskara batuaren arauetara egokitu nahian testua. (Ik., adibidez, “Hil ondoren” olerkia).