Edukia : 1. Orbelaun-Arantzazu – 2. Arantzazuko bide zaharrak – 3. Tel Aviv – 4. Poetikari buruzkoak – 5. Nire denborak eta bakardadeak – 6. Nire gauzak eta jendeak – 7. Nire lurra, nire herria.
Hitzaurrea: Joxe Azurmendi
Azala: Borja Goitia
Azaleko argazkia: Juantxo Egaña
Edukia
Bizi esperientziari buruzko hainbat dimentsiotako gaiak dira nagusi obra honetan (“Bizitza”: 45 olerki); nolabait horietakotzat hartzekoak dira denborari buruzko olerkiak ere (9). Izadia edota lurra ziotzat daukatenak 15 bat poema dira. Idazle-lanari buruzkoek ere leku aski adierazgarria dute (9 testu). Arantzazuren inguruan dira 7 testu inguru. Gai sozialek ere badute beren lekua: Jendea, Euskal Herria, Politika.
Idazte-datazioa: 1978-1981
Liburu honek poetaren idazgelan aurkituriko karpeta bateko (ZKA) materiala jaso zuen, ia osorik. Argitaratzeko prestatuta edo utzi zuen autoreak karpeta hori, ataletan banatuta eta atal bakoitzarentzako sarreratxo eta guzti. Hala ere, karpetan iradokitako azken atala –bertso bilduma txikia– kanpoan geratu zen Adio liburuan. Bestalde, “Orbelaundik Arantzazura” liburugaiko lehen idazlana, prosazkoa, “Orbelaundik Arantzazura” titulua duen beste karpeta batekoa da. Noizkoa da ZKA karpeta, eta noizkoak horko olerki eta testuak?
Liburuko olerki batzuk, bereziki “Tel Aviv” atalekoak 1978koak edo dira, urte hartan egin baitzuen Gandiagak peregrinazioa Lurralde Santura. “Hainbat eta hainbatek ez du” hasten den olerkia ere 1980ko azaroa baino lehenagokoa da, Gandiagak aita bizirik baitu artean. Hiru testu behintzat 1980. urtekoak dira, bakoitzean seinalatuta dagoenez.
ZKA koadernoa bera eratu eta osatu badirudi 1981ean edo egin zuela, itxura guztien arabera 1982 baino lehenago.
Oharrak
Adio liburuaren idazte-garaiari dagokionez, Joxe Azurmendi liburuaren hitzaurrean Gandiagaren bizitzako azken urtekotzat jotzen ditu horko olerkietako hainbat, tematikari berari begiratuz. Bestelako datuei begiratuz, berriz, lehenagokoak direla esan beharra dago; eta liburu-proiektua bera ere askotxoz lehenagokoa dela.
Liburugaiaren azken atalerako bertso sorta batzuk iradoki zituen Gandiagak –aurretik idatziak eta kantatuak zituenak, eta Adio liburuan argitaratu ez zituztenak–. Liburu proiekturako idatzitako horien aurkibidea 1980koa edo da (agian 1981ekoa, baina abendua baino lehenagokoa); izan ere bertan aukeraturiko lehen bederatzi bertso-saioak L1G koadernokoak dira (1980), horko orrialdean seinalatuta; baina, azkena, Txillardegiri eskainia, L2G koadernoan argitaratu zuen (1981-XII-20), baina ez du horko orrialdea markatzen “Karpeta urdina” izenekokoa baino, seguruenik L2G artean argitaratu gabe zegoelako.