Erein, Donostia, 1997, 158 or. (19 x 12,5). 87 olerki; 6 prosazko testu, atalen sarrera gisa. — ABG.
Hitzaurrea: Autorearena (7-8 or.)
Edukia: 4 atal: 1. Argi oneko poema - 2. Olertiko beste batzuk - 3. Seminario al descubierto - 4. Eupadak - 5. Aza eta nahaste. Atal bakoitzak autorearen argibideak dakartza hasieran, non ataleko olerkien esanahia edota jatorria agertzen baitu. Aurreko azaleko hegalean: Autorearen argazkia eta datu bio-bibliografikoak datoz.
Azala: Iturri – A.H. Mackmurdo
Autorearen testiganzak
“– “Ahotsik behartu gabe” dugu zure liburu berria. Zer dakar?
– Lau parte ditu liburuak. Lehenengo partean doaz “Olerti”-n publikatu ziren poemak 1964ean eta 67-68an. Santi Onaindiak eskatutako lanak ziren. Arantzazuko gora-beherak, paisajea, etxeak, natura... horiek sorrarazten duten poza ageri da poema hauetan. Ondoren, apaizgaitegian idazten genuen “Seminario al descubierto” aldizkarian publikatu nituen batzuk; Berpizkunde Pazkokoak eta Gabonetakoak. Jaunagan dudan fedetik datoz horiek. Gainera, argitaragabeko bi sorta ere ezarri ditut liburuan. Poesia soziala, nahi izanez gero: “Eupadak” eta “Azak eta nahaste”. “Eupadak” horretan, konforme ez nengoen gauza batzuei idatzi nien; nire barruak eskatzen zidan erantzutea. 1985etik 1988ra idatzi nituen. “Azak eta nahaste” sortakoak ere garai horretakoak dira, gutxi gora-behera. Atal honetan, berriz, askotariko poemak doaz. Beste izenburu batek bilduko zituenik ez zegoen eta halaxe eman diot izena sorta honi.” (”Poesiak ederra izan eta atsegina eragin behar du” (Miel Anjel Elistondok egindako elkarrizketa), in: Argia, 1997ko azaroaren 30ekoa, 24. or.).
Gaiak
Obra honetako gaiak denetarioak dira. Bizi esperientziari buruzkoak dira olerki gehienak (17); baina izadiaren kantuak ere askotxo dira (16), urtaroei buruzkoekin batera (4). Poesia sozialak ere badaude: jendea oro har, Euskal Herria. Erlijiozko gaiak darabiltza zenbait poematan: Jesu Kristo, Gabonak, Liturgia... Eta beste hainbat gai sakabanatu: idazlea, denbora, Arantzazu, etab.
Idazte-datazioa
Autoreak berak sarreran dioenez, garai ezberdinetako olerkien bilduma da liburu honetakoa. Atal bakoitzeko olerkiak garai ezberdinekoak dira.
Lehen hiru ataletako gehienek lehen aldiz argitaratu zireneko data daramate; argitalpen-urte inguruan idatziak izan daitezke. Lehen atalekoak Olerti aldizkarian argitaraturikoak dira (1964), aldizkariak berak 1963an sariturikoak, “Argi oneko” titulupean; 1963kotzat jo daitezke atal honetako olerkiak. Bigarren atalekoak ere Olerti aldizkariak lehen argitaraturikoak dira (1967-1968). Hirugarren atalekoak, berriz, Seminario al Descubierto aldizkarian argitaraturikoak dira (1970-1975), zuzenean aldizkarirako idatzitakoak; beraz, urte horietakoak. “Eupadak” izeneko laugarren atalekoak 1985-1988 urteetan idatzitakoak dira, liburuak berak dakarrenez. “Aza eta nahaste” atalekoak, berriz, 1985-1989 urte tartekoak dira.