Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Aurton ere Gabon-Eguberri jaiak,
baina egundaino
ez bezalakoak: Estreina gabeko
jai, berriz berriak.
Aurton ere Gabon, baina aurton, egun
estrainekoz bizi
dugun paradara* , hain betiko bere
mezu Jaungoikozko
maitagarri zindoz. Eta Eguberri
betiko eguzki
betibatekoaz, berriz, aurton ere,
unoro aldatuz
doakigun gure beti bestelako
bizi iheskor hau,
behin eta berriro bere guganako
behin eta betiko
Belengo Haurraren argi distiratsuz.
Aurton ere Gabon-
Eguberri jaiak, neurri gabe duten
urteroko beren
berritasun dirdaiz: Aurton ere berriz
Gabonaren poza;
berriz Eguberri argiaren erluz
gozo eta handia
dena munduz mundu, gizon, emakume
guztion aukeran.
Aurton ere Gabon-Eguberri jaiak,
eta jendearen
irrintzi alaiak aurton berriz ere,
eta zoritxarra,
negar-hotsa eta injustiziaren
erpakaden* mina.
Baina, berriz ere, gaitzen amaiera
berriro aginduz,
beti berria den Belenen jaioa.

Gaia 1: Gabonak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa