Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

XEG^

Nola dizut esango?
Zer dela esango dizut gizona?
Zigorkadaz astinduta,
arantzez koroatuta,
purpurazko jantziki burlazkoz estalita
agertu dio Gizonaren Semea
herriari Pilatok, esanaz: "Hemen duzue gizona".

Izumenez besoak zabal,
betzulotatik kanpora begiak,
faro baten ari zurbil larritara darakuskigu Goyak
gizonaren beldurra,
fusilen dirdira
ta odol isuriaren orbain hedatua.

Zeharkako hagan,
iztartea gogor irekia,
kanalean eta zintzilik
begitaratu digu Rembrandtek
idi larrutu ikaragarria.

Gurutzean digu erakusten Egaņak
sarri askotan gizona;
edotariko keinu asaldadurazkoz
gizamultzoa
hiria duelarik ostean;
pisu zahar baten zamapean
ematen digu maiz
hiriko edozein zokoz ari den
ezin-asearen seme nekatuen tankera maitakorra.
Han da gelditzen Egaņa
gizamusuak iruntziratuz,
bakoitzari ateraz aurpegira
barruko lausodura nabarra,
bizitzaz duen ikuskera badaezpadakoa markatuz
bisaia bakoitzen nabarmenki.

"Gernikari omenaia" triptikoan
han du sintetizatzen
patu makurraren morroien zoria
gurutzean bihurtzen den hartan,
zerraldo datzan hartan,
lur ematera daramakiten hartan,
desitxuratu hartan,
etsien taldean,
noragabeko zakur norbaiten beharrekoan. [I]

Gaia 1: Artea
Gaia 2: Gizona
Azpi-gaia: Artea: Pintura
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa