Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L1G^

1. Kontsiderazioa:
Harotzak —homo sapiens edo homo faber-ek— mailua sortu zuen. Baina gerora mailuaren menpeko gertatu zen delako harotz hori.

Tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa (1)
tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
mailu mailariaren - sortzaile da harotza
ai oi ai - sortzaile da harotza.

Harotzak egin arren - morroitzat mailua
harotzak egin arren - morroitzat mailua
mailuak zapaldu du - harotz gixaxua
ai oi ai - harotz gixaxua.

2. Kontsiderazioa:
Mailu mailariak mekanika sortu zuen. Eta mailuak eta mekanikak zapal zapal egin zuten harotza.

Tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
harotzaren jabe da - mekanika hotza
ai oi ai - mekanika hotza.

Mekanikak mailua - mailuak harotza
mekanikak mailua - mailuak harotza
azkenik harotza da - denen morroi motza
ai oi ai - denen morroi motza.

3. Kontsiderazioa:
Gizonak, berak sortutakoen morroi zela ohartu bai zen noizbait, mailu eta mekanika menperatzeari eman zion.

Tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
morrontzaz lotsatu da - noizbaiten harotza
ai oi ai - noizbaiten harotza.

Hartu du mailua ta - material hotza
hartu du mailua ta - material hotza
menpetik erten nahi du - hasi da iraultza
ai oi ai - hasi da iraultza.

4. Kontsiderazioa: [I]
Mekanika eta mailu, arte bidera ekarri zituen gizonak: artearen morroi eder eta amets liluragarrienen espresio zoragarri izatera.

Tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
burdina zahar guztiak - aidez darabiltza
ai oi ai - aidez darabiltza.

Burdinak aidez eta - kuadruak hormetan
burdinak aidez eta - kuadruak hormetan
oraingoan harotza - ez dabil brometan
ai oi ai - ez dabil brometan.

5. Kontsiderazioa:
Mekanika hotza, arte mailara, bihotza kilima haizez astintzeraino eraman duen gizonetako bat horra: ARRIOLA. [II]

Tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
tiriki tauki tauki - mailuaren hotsa
etxe guztian dabil - mailuka bortitza
ai oi ai - mailuka bortitza.

Mailuka bortitzean - artez Arriola
mailuka bortitzean - artez Arriola
hainbeste kuadrugatik - bejon dagiola
ai oi ai - bejon dagiola.

Gaia 1: Artea
Azpi-gaia: Artea: Eskultura
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa