Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

1. Hiru-lautxo bat bertso
Sanjuan gaiari (bis)
Tobera Iñaki eta
Rosaren pozari [I]
eztei-egun sari,
hiru-lautxo bat bertso
Sanjuan-gaiari.

2. Atean elorria
edo ta lizarra (bis) [II]
Sanjuan egunaren
seinale azkarrra,
usario zaharra
atean elorria
edo ta lizarra.

3. Naturak aintza dio (1)
landareen indarrez (bis)
eguzkiaren jaia
ospatu beharrez
Sanjuan egunez
naturak aintza dio
landareen indarrez.

4. Goizetik eguzkia
Sanjuanez dantzan (bis)
jendeak plazarako
animua dezan,
aurrelari gisan
goizetik eguzkia
Sanjuanez dantzan.

5. Sanjuan egunsentiz
ez nuen nik hotzik; (bis)
belardiko intzetan
busti nintzen pozik,
gustora biluzik.
Sanjuan egunsentiz
ez nuek nik hotzik.

6. San Juani egina
nion nik eskaintza (bis)
bezperan sua eta
bihamunez intza;
bete nion hitza.
San Juani egina
nion nik eskaintza.
7. Kosmetiko jatorra
—merkea untura— (bis)
azala gozatzeko
—hala da ohitura—
Sanjuango ura.
Kosmetiko jatorra,
merkea untura.

8. Jendearen grazia
Sanjuan egunez (bis)
batzuk farra, bestetzuk
mezetara lorez
erromeria airez
jendearen grazia
Sanjuan egunez!

9. Alabak biluz eta
Sanjuan gainean, (bis)
aitamak larri dira
Eibarko partean
berandu denean;
alabak biluz eta
Sanjuan gainean.

10. Eusko Kontseiluaren (2)
ardura baluke (bis)
San Juanek nahikoa
eginkizun luke,
mesede genuke
Eusko Kontseiluaren
ardura baluke.

11. Plaentxian hibaia,
Eibarren San Juan; (bis)
desenpleo-antzean
ez ote daguan
darabilt buruan;
Plaentxian hibaia
Eibarren San Juan.

12. Jordanik ez hibairik (3)
ez baita Eibarren, (bis)
San Juan Eibarrera
nola etorri zen?
Ez dut konprenitzen,
Jordanik ez hibairik
ez baita Eibarren.

13. Eibarrek zerbait ondo
gustagarria du (bis)
San Juan-joan denek*
bait dute autatu
zentsoa testigu.
Eibarrek zerbait ondo
gustagarria du.

14. Nonahi bizi pozaren
su-gandor garaia; (bis)
Sanjuan egunaren
bezpera alaia,
udaburu jaia:
nonahi bizi-pozaren
sugandor alaia.

15. Eguzkiak argia,
San Juanek ura; (bis)
halere sendagaitza
gizonen malura.
Ez dio ardura!
Eguzkiak argia,
San Juanek ura.

16. Agur San Juan eta
bejon ezkonduak!
(4) Baldin eta okerrik
badute aipuak,
barkatu erruak.
Agur San Juan eta
bejon ezkonduak!

_____________

[OAR-ko azken bertsoak, goiko 12.etik aurrerakoen ordez edo idatziak.]

Ez hibai ez erreka
badago Eibarren,
San Juan Eibarrera
nola etorri zen?
Ez dut konprenitzen,
ez hibai ez erreka
badago Eibarren.

Zerbait gustagarririk
badauka Eibarrek,
herri autatu bait du
hainbat arrotz-jendek
baita Sanjuanek.
Zerbait gustagarririk
badauka Eibarrek.

Nonahi bizipozaren
sugandor garaia,
Sanjuan egunaren
bezpera alaia,
udaburu jaia;
nonahi bizipozaren
sugandor garaia.

Horra hiru-lau bertso,
sorta bat bejonez,
Iñaki-Rosen ezteiz,
Tobera-humorez,
Sanjuan folklorez.
Horra hiru-lau bertso
sorta bat bejonez.

Gaia 1: Sanjoan
Gaia 2: Lagunak
Azpi-gaia: Lagunak: Ezkontzakoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa