Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Ez dakit beste inork
sentitzen ote duen;
ez dakit gaur bakarrik
ez ote naizen
Euskal Herriko zenbait
gauza maitegarriren (1)
desagertzea sentitzen.

Ez dakit ezer merezi
ote duen ere
delako desagertze
honen pena sentitzeak;
desagertzera doanak
bai badaroa bere
bide-legea.

Eta ez dakit ere
sentipenaren mindura
arrazoizkoa ote den;
agian sentipen gabe
izatean datza
jakitate ardatza.

Eta, hala ere,
animalia sentikor,
jasotzen dut burua,
usmatzen dut aidea
eta intziriari
ematen diot bide,
sentitzerik bat ere
merezi ote duen
zihurki jakin gabe.

Gaia 1: EHerria
Azpi-gaia: EHerria: Tradizioa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa