Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB

1
Gidari bat behar-ta
Bai topau ere
Berbetan bizkorra ta
Jakitean trebe:
Ugari ihardun zaigu
Parajez paraje,
Estimatzen diogu
Hainbat borondte.
Eskerrik asko zuri
Aita Uriarte!

2
Iharra ta ttenttea
Arin ta zorrotza
Argia burua ta
Zabala bihotza
Lau alderdietatik
Dario bizitza
Batera ematen du
inbidi ta poza
Euskaldunok ez gara
Uriartez lotsa.

3
Historia gorria
ipuinik gabea
zientziaren beldur
ez bait da fedea
gordin aritu zaigu
Dimako frailea,
desengainua izan dut
noizbehingo dotea
bidezko da egia
garbi botatzea.

4
“Hala entzun duzutz (1)
hala dute esan”
Uriarte maixua
halaxe hasten zan.
Gero “baina” luze bat
eta jaiina [jakina?] zan
arkeologiaren
izena bertan zan
hori da aita berri
orain patristikan.

5
Jainkoaren iharduna
gizonaren alde
kondairan zehar dato
r ez oztopo gabe.
Kultura ta izatz [sic, izate?], (2)
aiurri ta beste
egin ditu Jainkoak
graziaren bide
gizatasun neurriak
unoiz [sic] bortxatzeke.

6
Jaunarenik sarritan
ezin dut ulertu
gure trakestasunez
nola den ezkondu.
Ihardun handitarako
gaitu aukeratu
gure gogoa haintzat
beti ohi du hartu
Jaunak pazientzia
gainez ere badu.

7
Zeru honen azpian
lur honen gainean
hemen izan zen Jesus
gizonen artean.
Azterrenik nahikoa
badago denean
biziki poztu gara
gauzak ikustean
tinkatuko al gera
gehiago fedean.

8
Batetik pozik eta
bestetik kezkatan
horratx nire barrua
nola dagon esan
grazia izan bai dut
eskuen aukeran
jasotzeko gerturik
ba ote nengoan?
Jaun, ahula naizela
ezazu gogoan.

9
Jerusalen Santua
zer poza zuregan
zirraragarri zara
ta bero benetan
Irudi eta oroi
ta gertakuntzetan
harri bizia zara
fededunen baitan
zure keraren marka
daukat erraietan.

10
Salbazio kondairan
Zu zaitugu gailen
zugan bat biltzen dira
agintza gertapen
jadanikan bazara
nolabait agerpen
gero espero dugun
behin betiko haren
pozez agurtzen zaitut
maite Jerusalen.

11
Kalbario hilobi
eta agerpenak
hil zena pizturik da
dio Madalenak
gizonarentzat jausi [sic]
dira ezizenak
Herio geraitu [sic, garaitu] du
hila izan denak
hauxe du berriona
gure sinesmenak.

12
Esnea ta eztia
dario lur honi
osoko gozapenez
gabiltza bidari
salbazioa nonahi
dugu oroigarri
hainbeste hurrats [sic] santu
bait zaigu ageri
honuntza etortzea
ez zait damu neri.

13
Eskertzen dizut Jauna
nahi dizut eskertu
bait banarabilkizu
lur santuz lur santu
orobat biotz [sic] ona
nahi diot agertu
hainbati bidaia hau
bait dute erraztu
gure pozaren pozez
nahi ditut ordaindu.

14
Ez bai gara etorri
betikoz honera
banoa agur orduz
ere oroitzera.
Ez agurrik betiko
eta bai ostera
“gero arte” samur bat
bizien antzera
itzuliko bai [sic] gara
Jerusalenera.

***********

Daniel eta Tomas anaien
miñaren berri badugu
Jakin bezate nahigabe hontan
nahi diegula lagundu.
Berpiztearen lurretan gaude
Heriok indarrik ez du
Dagoeneko Aitarenean
Joan Jok aintzarik badu.

Neke ta miñen mendean gaude
ezbeharrari lotuta
gizakiaren halabeharrak
gaduzka inguratuta
Baina fedeak zabaltzen digu
esperantzaren ateta [sic]
Beretzat ezik Aitak guretzat
berpiztu du Kristo-eta.

Nazaret, 1978-XI-30

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Jesu Kristo
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa