Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

IHZ^

I

Ene Bizkaiko meatze gorri
zauri zaree mendi hezean!
Aurpegi belzdun meatzarioi
hator pikotxa lepo gainean.
Lepo gainean pikotx zorrotza
eguzki-dizdiz ta mendiz behera,
hator bideskaz, —goiza sorbaldan—,
kezko zerua jaukon olera.
—Opor-hotsa, soineko urdin—.
Jabeak, berriz, lasai etzanda,
laguntzat hauke, hi, urrutizkin.
Aurpegi belzdun meatzarioi
hari bittartez deia jabiltzak.
Bideskan zelan dirdir jagiek
txapel-okerren kapela beltzak!
Horreik jaukoen gaizkin-itxura
zizpa luzeak lepo gainean!
Ene Bizkaiko meatze gorri,
zauri zaree mendi hezean!

II

Mendiz behera lau txapel-okerrez
aurpegi belzdun meatzaria.
Begi beltz horreik sastagai dozak
baina zatittu ezin hesia.
Noruntz haroe esku-lotuta
burdin margodun gorputz gogorroi?
Sendo bahintz, etsai-odolez
bustiko heunkek pikotx-zorrotzoi!
Nerbion-ertzok, —tranbi-dardara—,
askatu nahiez, zenbat ahalegin!
Baina olaen zarata artean
haren ai-hotsik aditu ezin!
Zizpa luzeak sutan jagozak,
—opor-zaratak kale-zabalean—.
Aurpegi belzdun meatzarioi
igeri hadi eure odolean...!
Txapel-okerrak edango jabek
ardo onena Gomez-etxean.
Ene Bizkaiko meatze gorri,
zauri zaree mendi hezean!

Gaia 1: Jendea
Azpi-gaia: Jendea: Lana
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa