Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARGL^

Bitoriano Gandiaga Mendatan (Bizkaia) jaio zen 1928an, bere baserria administrazioz Arratzukoa izanik. Arratzun egiten zuen bizimodua Arantzazura joan arte. "Ahotsik behartu gabe" berriarekin datorkigu, "Elorri"rekin estreinatu zen poeta frantziskotarra.

— Hamar urte baino gehiago dira "Gabon dut anuntzio"tik; alegia, kalean jarri zenuen aurreko liburutk. Zer dela-eta izan zara isilik horren luzaro?

— Neuk baneki zergatik nagoen isilik hainbeste denboran! Idatzi, idazten ditut paper puntak, baina ez naiz gauza garbira aldatzeko. Garai batean Dionisio Arrutik lagundu zidan horretan. Bazekien nire jokabidea eta aldi bakoitzean izkirio-miriorik eskatzen zidan. Garbian jartzen zuen eta hark osatzen zidan liburua. Oraingoan ere aurretik mekanografiatuta zegoena irtengo da. Baina nik ez daukat liburuak idazteko amorru handirik. Irteten bada, ongi. Poemak pilatzen baditut, ongi. Bestela, ez argitaratu eta kitto.

— Zure poesia asko zakarretara joan omen da. Bestek jaso omen ditu...

— Nik ez ditut botatzen zakarretara. Egonean egiten dira zakar. Idatzi eta bere txokoan lagatzen ditut. Daudela bertan egonean. Badute non egon. Okerrena da poema paper puska batean idaztea, paper puska hori sakelean geratzea eta, behin halako, zer den jakin gabe, nahigabe botatzea. Edo zuzen-zuzen eta besterik gabe, zakarrontzira botatzea. Baina dena ez da botatzea. Gorde ere gordetzen ditut paper puska horiek. Badut horiek non laga.

— "Ahotsik behartu gabe" dugu zure liburu berria. Zer dakar?

— Lau parte ditu liburuak. Lehenengo partean doaz "Olerti"-n publikatu ziren poemak 1964ean eta 67-68an. [I] Santi Onaindiak eskatutako lanak ziren. Arantzazuko gora-beherak, paisajea, etxeak, natura... horiek sorrarazten duten poza ageri da poema hauetan. Ondoren, apaizgaitegian idazten genuen "Seminario al descubierto" aldizkarian publikatu nituen batzuk; Berpizkunde Pazkokoak eta Gabonetakoak. Jaunagan dudan fedetik datoz horiek. Gainera, argitaragabeko bi sorta ere ezarri ditut liburuan. Poesia soziala, nahi izanez gero: "Eupadak" eta "Azak eta nahaste". [II] "Eupadak" horretan, konforme ez nengoen gauza batzuei idatzi nien; nire barruak eskatzen zidan erantzutea. 1985etik 1988ra idatzi nituen. "Azak eta nahaste" sortakoak ere garai horretakoak dira, gutxi gora-behera. Atal honetan, berriz, askotariko poemak doaz. Beste izenburu batek bilduko zituenik ez zegoen eta halaxe eman diot izena sorta honi.

— 1964ean idatzitakoak batzuk, 1988an bestetzuk... nahita ere ezin ezpal bereko izan poema denok...

— Alde handia dago "Olerti"n argitaratu zirenetatik 1985 eta 1988 bitartean idatzi nituenetara. Diferentzia handia. Lehenengo atala "Elorri"ren airekoa da. Lirikoa. Errealitatea sublimatzen duena. Lirikoa zela esan zidaten garai hartan, sinbolista zela, joandako urak esanez bezala, poesia sozialaren aldia zela. Nik uste dut poesia guztia dela protestazkoa eta soziala, baina, nonbait, ez da, eta nik idazten nuena ez zen. Baina nik ez nekien seguru zer zen poesia soziala, protestazkoa, eta idazteari laga nion... handik hamar urtera Oteiza Arantzazura azaldu arte. Oteizak idazteko eskatu zidan. Baina badakit harrezkerokoak buru prosaikoagoz burututa daudena...

— 'Prosaikoagoz' esan duzu eta damu zarela ematen du. Zer da?

— Niri gustatu, poesia lirikoa gustatzen zait. Liburu honen hasieran doana, alegia. Gehiago gustatzen zait gauzak bilatu eta haien alderik onena, ederrena, adierazkorrena, erakargarriena indartzea. Nahiago dut alde horretatik saiatu eta arimari dagokiona bildu poeman, irakurleari atsegin ematearren. Ez dakit zergatik dudan nahiago poesia hori. Beharbada izatez pixka bat perfekzionista ere banaizelako. Lehen sublimazio hitza erabili dut, eta uste dut poesia lan batean bildu behar direla perfekzioa, sublimazioa eta lirismoa. Nire ustez, lirismoa litzateke punta, puntaren punta... Izan ere, beharbada horixe da poesia. Alegia, gauza berez egokia den bat, edo gauza berez egokia denari darion atsegin eder bat. Egokia ez dena ez da sekula poesia izango. Berez izan behar du egokia, eta, horretaz gainera, atsegina eragingo duen zerbait ederra izan behar du. Horrek ez du esan nahi poesia berak denen begiratu ederra izango duenik. Gustu oso diferentekoak gara, zorionez, denok. Baina berriz diot: poetiko izango baldin bada, egokitasuna izan behar du.

— "Ahotsik behartu gabe" liburu berria argitaratzera zoaz eta ez omen duzu apaingarririk nahi izan liburuan: marrazki lagungarririk ez, inoren hitzaurrerik ez, azal landurik ez..."

— Gustatzen zait sobrietatea. Gauza bat lortzen duzunean eta ondo dagoela ikusten duzunean, ez ezazula ipini txiribitarik aldamenean. Distraitu egiten du. Landu duzun gauza ederra delarik, ederrari ez diozu erantsi behar distraituko duen ezer. Bere horretan laga behar duzu poema, soil-soil. Hartaka, irakurleak poema irakurri eta berarekin komunika ahal izango da. Apainduria jarriz gero, berriz, baliteke irakurlea harixe begira geratzea eta poemaren muinari kasurik ez egitea.

— Honenbestean pozik izango duzu Oteiza: jakina da eskulturgileak idazten nahi zaituena.

— Oteizak niri mesede egin dit. "Hiru gizon bakarka", nik ez nuen idatziko eta seguru asko ez nuen gehiago letra bat publikatuko Oteizagatik izan ez balitz. Oteizak, bere lagun izan nahi banuen, exigitu zidan -ez hitzez, baina aditzera emanez bai-, behar nuela idatzi. Niri gizon oso interesgarria iruditzen zitzaidan Oteiza. Bazituen irtenaldi batzuk, ostikadak bezalako esaldiak, tximista bezala pasatzen zirenak baina barruan zerbait esaten zizutenak. Oteiza zoragarria iruditzen zitzaidan, eta behar nuela haren inguruan bizi iritzi nion, haren iturritik edan. Baina ezin nintzen haren ondoan bakean bizi... idazten ez banuen.
Orduan hasi nintzen berriro idazten. Pretentsio handirik gabe baina ondo argi nuela Oteiza ez zela tontoa, eta beharko nuela ondo idatzi. Nik euskaraz egiten nituen konposizioak. Ondoren, gaztelerara itzultzen nituen eta irakurri egiten nizkion behin. Gero, euskaraz irakurtzen nizkion, berriz, hiru-lau aldiz. Eta horrela... Baina Oteiza Oteiza da, eta ni, ni naiz...

— Ba omen dira honetaz eta hartaz idatzi beharko zenukeela esaten dizutenak...

— Idazten dudana nire askatasunez idazten dut. Gogoak emandakoa idazten dut. Nire kezkak existentzialak dira. Haragitik eta arimatik sortzen diren problemak, esankizunak eta ateraldiak dituzu. Askotan, boligrafoa hartu eta zeure burua ezagutzeko idazten duzu. Bestalde, holako eta halako idazteko esaten didatenek jakin beharko lukete idaztea gogorrra dela. Ez da aurrenekoan asmatzen. Eta, asmatzen baduzu, zorionekoa zu! Egun horretan Fray Luis de Leon irakurtzeko moduan izango zara, ospakizun modura. Gehienetan askotan saiatu behar duzu idatzi nahi duzuna idazteko, adierazi nahi duzuna paperean zuk nahi bezala adierazteko.

Miel Anjel Elustondo

Gaia 1: Poesia
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa