Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

1983ko urtarrilak 10

Egunon, arratzuarrok, eta kolkoa bete zorion-agur!
Gaur ospatzen dozue zeuon borondatearen kontra Gernikagaz bat egin zinduezan loturen desegitea, eta barriro be zeuon herriaren jabetza eskuratzea. Jazokun hau pozik eta gustora ospatzen diharduzue. Bihotzez eskertzen deutsuet zeuon jaierako egin deustazuen gonbitea eta hemen etorri naiatsue zeuon jaian parte hartzera, zeuon deiak ezezik neure barruak eraginda. Izan be, arratzuarrok pozik bazaree, ni zelan ez pozik egon? Zeuon gogoa lortu badozue, zelan ez ni neu be gustora sentidu? Herriz Mendatakoa nazala bádakit [sic] be, eta nire lehenengo ezagunen eta hartuemonen gomuta Nabarnizen badago be, nire umezaroko jazokuntza, pasadizu, eta akordu haundi, argi eta bizienak Arratzuri loturik daukadaz.

Herriz Mendatakoa naz,
Arratzukoa elizaz;
Mendata ukatu barik,
arratzuar sentitzen naz.

Gaztiburuko urak lez
mendian behera eginez
Orbelaundik Arratzura
joten gendun berez-merez.

Arratzuarra naz ni eleizaz. Arratzuko San Tomas parrokian bautizatua naz, Arratzun ibili nintzen sei bat urtean dotrinara eta eskolara, eta lagunak egin nebazan Arratzun, eta harekaz olgau neban: goitarren eta behetarren arteko burruketan parte hartu neban, eleizpeko eta eskolako arkupetan pelotan egin, Eleizaldeko eta Loiolako neskatilak tentatu; arineketan, uger, azpijaurtika, kistorrean, potxika eta beste olgeta eta egitada asko egin neban Arratzun. [I]
Begietan daroat eta gustagarria jat Arratzuko orografia: Mendien, tontorren, lautaden, basoen, landen, soloen eta han-hemengo baserri bakar edo moltzotuen ikuspegia: Belendiz argia, Loiola edegia, Eleizalde jasoa. Arratzura etorri nintzen neure lehenego [sic] meza nagusia emotera. Arratzun fraile eta mezako* egina ikusi ninduen. Bitartean hamalau urte pasaturik ziren Arratzugaz hartuemon haundiagorik gabe [II]. Neuk be aldaturik ikusi nebazan eskola eta dotrina-aldiko lagunak. Baina urreratu jatazanak, agurtu ahal izan nebazanak, akordu zahar eta gozo asko gogoratzeko mesedea eta erregalua egin eusten. Ordutik gerora be ez dot bisitatu sarritan Arratzu. Bai orratio, gogoratu: Urtubi, Iberre, Egiene, Larrosta eta beste etxe, ingurune eta bazter ezin ahaztuzkoak ditut betibe. (1)

Gaia 1: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa