Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Hiru aste mendian egin ondoren, hemen naiz etxean. Liburu eta paperik eraman nuen mendira. Pixka bat neure airera bizitzeko ustetan joan nintzen mendira. Neure airera baino inorenera dantzatu behar izan dut ordea han ere. Gehienetan hiru laguntxo ginen han, taldetxoz kanpoko bizimodurik ezin nuen ia inoiz egin. Eguneroko meza, mezetako irakurgaien iruzkina eta bakarrune batzutako gogarte eta erreflexioa aparte, taldeko arazoetan behar nuen ihardun han ere. Lagunak zetozkigunetan astiune gutxiago nuen neure nahikizunetarako. Pavese-ren Oficio de poeta eta irakurri dizkit Anjelitak [I]. Uda batez Madrilen ere irakurri dit. Gainerakoa Larrakolako [II] txabola txukuntzen, harako bideak pittin bat atontzen, mantzanila biltzen, pagadi-inguruko astailarrak mozten, noizbaitzutan perretxiko bila, egun batzutan zeramika-lanean, Lasturrek [III] labea egin eta buztina ekarri zigunez gero; Aguraina ostera batzu, Gasteiza ere bai bakarren bat, Gazeoko eliza erromanikoa eta Estibalizko eliza ikustera beste txango bat eta kito. Lo egin dut han ondoen. Amuarrainetan ere ekin izan dut bizpahiru alditan. Larrakola, erreka txiki eta ur oso garbikotatik gertu dago. Errekatxook ostera astailar eta sasi eta askotariko arbola-adarrez estalirik daude ia euren luzera guztian. Haietan ibiltzea oso zaila da. Ezkailu, kangreju (1) eta amuarrainentzat badute non gorderik. Larrakola ez da atsedenerako paraje txarra. Larreatik ordu-erdi bateko bidea dago oinez. Guk autoa genuen ia txabola bertaraino. Bista handi eta ederra dago Larrakolatik.

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Askatasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa