Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Zenbat aro, zenbat garai, zenbat aukera eder dihoazkigun beren sasoitan aintzat ere hartzen ez ditugularik. Iragan eta gero, sekuletan gehiago geure eskuetan, geure hurbilean, geure alkantzuan izango ez ditugun ordutan ohartzen gara, noizbait, zeren jabe despistatu izan garen. Niri neuri dagokidanez, badut zer galdetu: zerk itsutu ohi ote narama, zerk lotu ohi, zerk despistatzen ote nau, zertan egoten ote naiz, zertan aritzen, hain sarri, hain etengabe datozkigun gozatzeko paradak hain alferrik galtzeko, hain konturatu gabe pasatzen uzteko, hain bertan behera uzteko? Kokolo eta koitadu izatetik inoiz irtengo ez ote naizen susmoa baino segurtasuna dut gainera. Zerk distraitzen ote nau, zerk estaltzen ote dit iraganez gero ikusten dudana sasoiz ez ohartzeko? Ala igaro egin behar ote dute aroak, garaiak, aukerak, haietaz, haien ederraz kontura gaitezen? Beno, kontura ahal nadin? Beti daukat esku artean zerbait, kakalardoren bat, matxinsaltoren bat, edozer gauzatxo, huskeria edo horrelako zirtzilkeriaren bat esan nahi dut, zeharo sorgortu naramana, eta, kakalardoz edo marigorringoz, edo beste edozein tentelkeriaz aspertu naizenean, orduan naiz konturatzen hartu behar nuen edo ahal nezakeen trenak, autoak, abioiak alde egin duela eta berriz ez dudala halako erarik izango. Hura joan zen. Joan zen ura eta denok dakigun, kokolook ere badakigun topikoa: ur joanari alferrik uharka. Ikusi egingo ez bagenu behintzat zer galdu dugun, eta erremedio gabe galdu duguna! Baina zergatik ikusten ote dugu urrun denean, eta ez hurbil genuenean? Zer presbizi modu da gure hau? Ala bistaren edo irudimenaren engainu bat besterik ez ote da dena? Etorkizuna amets, argitan iragana, begi-bistan eta presentez miope? Ai, presentearen presentzia guztia ikusiko bagenu, gauza bagina presentearen presentzia orokor eta zabala ikusteko! Baina batez ere presentearen aurrean aukera egokirik egiteko gauza bagina! Baina presentea konplexuegia izan ohi da eta orduan, bakoitzak nolakoa den, nolako joera eta gustoak dituen, horrela egin ohi ditu bere aukerak. Eta guztiak ez baldin badira ere, zenbait behintzat, damugarriak gertatu ohi zaizkigu. Presentearen aurrean perspikazia gehiagoren beharra da begion errua eta akatsa (1).

Gaia 1: Denbora
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa