Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Zenbait ohar

Zati hau saski-naski hutsa da.

"Eskerrak, Jauna, une". Ez da Jainkoa edonoiz eta edozergatik aipatzearren, batek inola ere ahaztu ezin duelako baino Jainkoa dela bizitzaren jatorri biziemailea.
"Gabon-ilunabarra". Edozein mitoren birkreazio, aipamen eta iruzkin onartuko dizu zenbaitek, baina ebanjelioko gertaeretan oinarritzen den kontakizunen baten hausnarrean, oroitzapenean edo kontenplazioan gozatzen bagara, zenbait hori ez dago irakurtzen jarraitzeko: erlijioa ikusten du hor, eta erlijio katoliko nardagarria ikusi ere. Gaia gorabehera, poesia gerta daitekeela esan nahi diot zenbait horri, gaian ez baitago berez, ez poesiarik, ez eta poesiaren ausentziarik.
"Otsail buruko goiz bat". Ustekabean hartzen gaituzte batzuetan, garaiari ez dagozkion giro zoragarri, gertakari bitxi eta berri bat-bateko ederrek, eta poz handia izaten dut parada horiek, galdu ez, baina aprobetxatu egiten ditudanean.
"Sua legez piztuak". Bai, jauna, sua legez gara, ezagutzen dugun sua legez: Denboraldi baterako su denboraldi bateko, eta kito.
"Bizitzaren formari". Lurretik gora eta berriro lurrera. Silueta aireko sedan geratzen da.
"Errekan behera ura". Bizitzak bizitzarako piztu gintuen bizitzaz, bizitzako gorabeherak gorabehera, bizitzaren bizitzan bizi gintezen.
"Sua". Bere burua lehenbailehen suntsitzera doan antsia, lehia eta irrika da sua. Eta gu.
"Asko dira. Era". Denok bat eginda ere, ez ginateke asko, baina gu apur askotan banaturik ari gara, geure indarra puntu askotan banatuz.
"Gaina guk". Hitzak falta ditugu eta esamolde eginak. Baina hitzak eta esamoldeak ekinak, jardunak eta lanak gauzatzen ditu.
"Antonio Machadok". Miresmen, begirune eta esker ona Antonio Machadori.
"Zerbait nahi genuke". Damuz ez dugu egin ahal genuenik, baina goitik beherako alferrak ere ez gara izan.
"Batek opa dauan legez". Duguna maitatzen ez dakigu, beharbada, eta ez duguna amesten zaleak gara.
"Igaro zaizkigu". Erostak erosta eta lantuak lantu, kontua da bizitza maite maite dugula.
"Beti ere ekin". Ze ekina gogorra ei da.
"Orain arte banaiz". Beti geure problema existentzialarekin bueltaka.
"Pasatzen dira hodeiak". Problema existentziala berriz ere.
"Jadanik bati denbora gutxi". Honezkero ez dago norbere bizitza berriz egiteko astirik. Dagoenean onartu beharko dugu, beraz. Gixon argal eta erkin bat erakusten zion amak bere umeari, jaten ematen ari zitzaion bitartean eta esaten: Jan, maitea, jan, bestela horrelako ziztrin hori bezalakoa geratuko zara.
"Egun batean bata". Hemen non ageri den atal honi izenburua eman dion "Aza ta nahastea". Alferrik da atal honetan kuxidade handiagorik ez dagoela esatea.
"Gabonetan alegrantza". Aza arteko buzkantzak urdailaren sakonenean kilikatzen nau, irentsi ahala listuz betetzen dit ahoa eta Orbelaun dakarkit gogora.
"Agur zuri, odol-emaile". Pozik eta emakortasunez eskaintzen dute askok beren zainetako odol salbagarria, eta asko gara eurei esker bizi garenak.
"Etorri ta etortzekoa". Gabongo misterioari beste begiratu bat.
"Aitaren Hitz, Aitaren". Gabongo misterioaz berriz ere.
"Ikuskizun ederra". Guztiok ez dugu begi berez ikusten Gabon. Ezagutzen dut Gabonez tristeago sentitzen den jendea. Baita Gabonaz ok eginda dagoela dioena ere. Pena ematen dit. Ez nituzke molestatu nahi inola. Bestela neuk ere esanik daukat, neuri ere ez zaizkidala gustatzen supermerkatuen Gabonak.
"Pazkoako egun". Udaberriak bezalaxe eragiten dit pozera Berpizkunde Pazkoak eta udaberriak bezalaxe bultzatzen nau kantura.
"Martxoaren aurren egunotan". Argia goiztartu ahala, belarrak piztuz datoz, hegaztiak poztuz eta arnasberrituz lur gaineko bizia.

Gaia 1: Autorea/Obra
Gaia 2: Idazlea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa