Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB-1^

Noizbehin literatura saileko bere liburuak bidaltzen dizkit Ereinek. Bihotz zauskadak eragiten dizkit bakoitzean. Ez dit ezer zor eta pezeta asko balio duten liburuak bidaltzen dizkit, hutsean. Ez ordaindu, ez eskertu egiten dizkiot, eta, noizbehin, liburuak, taka. Bakoitzean binaka igortzen dizkit. Behin, horratik, Lontxo Oihartzabal [I] etorri zitzaidan galdetuz, ea aspaldian ezer idatzirik banuenentz, Ereinek gustura argitaratuko zidala eta. Ezetz erantzun nion: ez neukala idatzi berririk ezer. Eta, harrezkero ere, taka, liburuak noizbehinka. Gehiegi da. Oraintsuen bidali dizkidanak Víctor Hugoren Parisko Andre Maria eta Isidoro Fagoagaren Dominiku Garat dira. Idatzi berririk ez dut nik, zirriborrotan dudan zertxoren bat edo beste ez bada. Baina garbi eta inori emateko [bidaltzeko] moduan ezer ez. Ez ditut sarri mugitzen neure paperak, baina, lehengo batean, apalategiko karpeta batzuk hartu nituen eskuetan eta haietako batean, Mikel Lasak dioen Elorri idatziz geroko nire mutualdia luzatu zen bitartean, Santi Onaindiaren eskariei erantzunez Olerti aldizkarian azaltzen joan nintzen poematxoen mordoxka bat aurkitu nuen [II], Dionisio Arrutik [III] kopiatuak eta ordenatuak. Makinaz idatzitako gauzak beti dira gustagarriagoak eta inpresio ona egin zidaten. Horra, esan nuen, egungo irakurleek ezagutzen ez duten nire zerbait. Zergatik ez argitaratu berau Ereinen? Dena dela berria bezalatsu da eta ez dago inoren eskuetan. Karpeta berean baziren beste lantxo batzuk ere, urte asko geroagokoak [gerokoak], eta haietako batzuk erantsiz, ordu pare bateko irakurraldia eskain niezaioke Ereinen bezeroari. Bueno, Ereinek onartuko baldin balit. Nolanahi ere ez zait asko kostatzen Lontxori bere iritzia galdetzea eta hark zer dioen, horixe egingo dut. Dionisiok sailkaturik eta ia ordenaturik utzi dit hemen azaltzera noana. Karpeta handian bada beste gairik esaterako, Pello Zabalak musikatu zizkidan poema erlijioso asko eta arlo diferenteei buruzko bertso paperak [IV]. Nik Hiru Gizon Bakarka liburuaren aurretik Olerti aldizkarian emandako "Argi Oneko Poema", 1964, eta aldizkari bereko 1967-1968 arteko batzuk sartu ditut hemen eta Seminario al descubierto-n 1970etik 1975era argitaratuak eta gainera oraindik inon argitara gabeko bi sortatxo: "Eupadak" 1985-1988 eta "Aza eta nahaste" 1985-1989. Ikaratu ere egiten naiz aspaldiko nire olerkien eta oraintsuagokoen arteko aldeaz, ez dirudite egile berarenak. Lekutan geratu zen nire lirismoa. Geroagoko nire idazkera prosaikoagoa da, ez du [dago] errealitateen sublimaziorik, hego txikiko dira, kutturlioa kirkir bihurtu izan balitz bezala. Baina nik, ez kirkir, ez kutturlio, txitxar izatea dut erabakirik.

Gaia 1: Autorea/Obra
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa