Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

EUS^

Joan den Apirilaren 24-an Gernikan jalki nuen ateraldi batek du txosten honen errua. Eta Aita Villasantek. [I]
Gernikako mahai-inguru hartan zer hau ere galdetu zidaten: Euskal arte eta kulturaren berreskuratzean poesiak izan duen zeregina.
Bernat Detxepareren Sautrelarekin eman nion erantzunari hasera:
"O Heuskara, lauda ezak Garaziko herria,
Zeren hantik ukhen baituk behar duyan tronuya.
Lehenago hi baitintzan lengoajetan azkena,
Orai aldiz izanen iz orotako lehena!". Eta abar.

Bere inguruko, bere herriko eta bere bihotzeko giza antsien oiartzun eta ahots dela poeta, esan nuen. Gure kasuan, euskaltasunaren kontzientzia dela poeta, esan nuen. Euskal gizarteak sortu duen ororen defendatzaile dela poeta.
Arestiren desafioa aipatu nuen: "Nere aitaren etxea defendituko dut". (Harri eta Herri, bigarren partea, B letra). Eta beste norbaiten deadar hau:
"Ibarrera, azkar ibarrera,
denok ibarrera:
itotzen ari bait da
euskaldun arima". [II]

Eta baina poeta-poesien lana euskal ondasun ororen berreskuratze zereginaren ekintza zabalaren barrutan kokatu nuen, euskal arazoan diharduten mugimendu guztiekiko dependentziatan jarriz poesiaren zeregina. Baina orduan, batez ere zera hau nabarmendu nuen: euskara kultur arlo guztietan lantzen ari direnen laguntza pare gabea; horiek direlako bereiziki poetaren oinharrizko tresnaren fabrikatzaile. Eta une hontan atera zitzaidan honako hau: "Itxura baten poesiaz hain kanpotiko zientzia hizkera lantzen ari diren gizonak nahi ditut goraipa. Ezin esan halako gusto handiz irakurtzen ari naizen azken poesia Natur Zientziak, Teknologia eta Holandako Kristau Bidea da, espresio bide berri eta zabalak eskaintzen dizkidatelako, eta hitzaren ulerkuntza eta ikuspegi zehatz eta funtsezkoa damaidatelako".
Eta hemen dator Aita Villasanteren errua: Ateraldi hau zehatzagotuz txosten bat idazteko eta idazteko itogin aspergarria. Hitzaren arazoa oinharrizkoa duela poetak, esan dut. Eta nork ez du oinharrizko?, galdetuko didazute. Gaurko errealitate zientziazko, kulturazko, politikazko, ekonomiazko eta gainerako "azko" asko ta asko euskaraz eman nahi dituenak ez al du euskarazko terminologiaren beharra behinen behinengoa? Baina poetak beste inork baino gehiago behar duela hitza erantzungo dut nik. Hitz material eta brutoa espiritu mailako esanguratan eraiki behar duelako poetak.
Ez nator, beraz, Paulo Agirrebalzategik Natur Zientziak liburuaren atari ederrean "euskarak landu gabea duela oraindik zientzia hizkuntza" baieztu ondoren jarri duen honekin, alegia, "honek ez du zerikusirik bertsolarien edo olerkarien ez eta saiolarien hizkuntzarekin" (Natur Zientziak, XXXV. horr.). Nola esan zenezake horrelakorik, Paulo? Eta bertsolariek, olerkariek eta saiolariek euren esankizunen neurriak arlo berriz zehar zabaldu nahi baldin badituzte, zer? Ez al dira jakintzara heltzeko eta jakintzari heltzeko eskubidedun gizon? Hala orain arteko euskararen eta euskaraz landu-gaien mugabarrutan bizitzera baino hiltzera behartu nahi al dituzu, lehengo "puzu [sic] sakon eta ilunetik" betiko "ur gazi bat nekez" atera ta atera? Ez al duzu uste bertsolariek, olerkariek eta saiolariek oraingo "erreka laister baina pobre" honetatik, eurak ere "ur geza" atera nahi lezaketenik lasai? Eta azken baten, guztion arteko hauzolan nahasian ez bada, nola heldu gindezke "gure oinordekoek ur gozo bat oparo atera-ahal dezaketen "euskara itsaso urdin eta zabala" kreatzera? (Ikus G. Arestiren Euskal Harria 1968, 51 horr.). Nik olerkari [sic] izenean erantzungo dizut eta esango: Nork mugatu behar dio gairik poetari? Nork ezarri behar dio halako edo bestelako hizkuntza mailarik? Norena da hizkuntza osoa poetarena ezik? Hara, Paulo, entzun iezadazu hau:
Hizkuntza, gizonaren kanpoko nahiz barruko errealitate guztiak izendatzeko eta adierazteko gauza denean, hizkuntza horrek poetaren lehendabiziko premiari baino ez dio oraindik erantzun, une hontan hizkuntza, bere esanahi zehatz eta guzti, abiapuntutasunezko materia geldi dugu oraindik. Oraintxe iritsi da poeta poesia eraikitzeko lehen materiale multzora. Hemendik aurrerakoa du poetak bere lankizuna. Hor du hitza -hiztegia, hizkuntza-, bere esanahiz, bere abiapuntutasunez; eta hartzen du eta eragiten hasten zaio: hitzari bere oinharri materialaren gainean eragiten; hitzaren islak estudiatzen, hitzaren hitzarekiko erlazio berriak aurkitzen, hitzaren nahikizun eta iradokizun berriak kreatzen, hitzaren errealtasunari idealismo dimentsioa ematen. Hitzari asmo berriak inguratzea da poetaren eginkizun, hitza bere pasibotasunetik ateraz, haren esanahi materiala neurri berriz aberastea.

"Berbak begi-puntetan,
berba pillo bategaz
ikutu zindudan". (Elorri, 31. horr.)

Baina berbarik ez badauka, zegaz behar dio poetak ezeri ikutu? Nola behar du plasmatu gauzen izenak baino harutzago dagoen zergauzen onura? Nola atzeman hitzaren jirabira ta gordelekutan bizi den iratxo jakintsu eta miragarria?

"Neure hitzaren billa
—ez gauzetan, ez jakintzan—,
neure hitzaren billa
nabil... ametsetan.

Ez-bai utsa dan arnas bat
zerak doi aitatzekoa,
berba mugarik bakoa
nai dot: gomuta zaarrek
dakien hizkuntzakoa.
Itzaren oiartzun sorra
—ez muiņa,
ez otsa—,
zerbait xamurra
ozta lioken
kili arin aura.

Ez ipuirik. Doi-doi zera:
era bako
itzal gozo...
Ez irudi, aaztutako
pozen miņa baiņo.

Lotu bako berba nai dot:
soiņu galdu bat lakoa;
usain askatutakoa;
edo kolore pintatu bako
dan ez dan-ezkoa". (Elorri, 24. horr.)

Baina gauzen izenetan behar du poetak aurkitu bere hitzaren oinharria; jakintzako terminologian aurkitu behar du bere hitzaren funtsa; hitzaren muina eta hotsa behar ditu lehenengo ta behin, inondiko "oiartzun sorrik" nahi baldin badu sortu; hitz ondo inguratu ta trinkoa behar du "ez-bai" ta lurrun besterik ez litekeen hitzik begitandu arazi nahi baldin badu; hitzaren bolumena behar du "era bako itzal" hura sortu nahi baldin badu; hitz ongi finkatu ta zehatza behar du "lotu bako berba" haren lehen erreferentzia-puntu bezala; hitzaren soinu erreala behar du beste "soinu halakoa" sortu nahi baldin badu; hitzaren usain materiazkoa behar du "usain askatu" hura aditzera emateko; sakonki markatutako hitza behar du "kolore pintatu bako dan ez dan-ezko" hura iruditzera emateko.
EZINAK deitu neure karpetetako batetan hauxe aurkitu dut: [III]

"Momentu honetan jaio naz
—Ekainak 27—
Barajaseko aireportuan.
Urre ontzaren lekuan
Airenautika-textu bat
ipini deuste eskuan;
zoraldi hontan erregalurik
ederrena dot munduan.

Abioiak nau harritzen,
mekanikak arrokatzen;
ta, aztorapen hau
hitzez nahi dot muntatu,
hala nola dituen makinok
piezaz pieza osatu
hegada azkarrerako.

Igotzen, jaisten begiratzen dot
zenbait abioi;
urruti galtzen ikusten,
urrundik heltzen;
ta, hurbildik sortzen deusten zirrarak, zirriz,
idaztera nau behartzen.

Ta, badihardut; jadanik
oso luzaro dihardut
errealitateon eragin
bizkor honen berri
inola ezin emanez.
Eta aspertzen ari naiz,
banoa gogait eginez,
airenautika hitzik ez baidot
airezirrara eraikitzeko
nahi neuken airepoeman.

Gauzaeza naz, diņot. Eta helizeak zalapartan
mugituz ikusten ditut.
Gauzaeza naz, diņot. Eta zarata gorgarriz gortzen nabe motoreek,
eta haize bero eta indartsuz atzerantz bultzatzen nau tututatik darien dar-dartak.
Airenautika textua zabaldu dot.
Airenautika textua hitxi [sic] dot.
Erdarak ez deust balio.
Aurrean dodan dinamika irensteari dihardutsat oraindik horraitio.
Mugimenduaren arima fisikoa
Eder-esten dot lilluraz.
Despegeak txunditzen nau:
fisikako legeak ekilibratu dituen
aziertu berebiziko ta justuak.
Baina euskarak ere ez deust balio,
ez deust modurik, ez erresorte-tresnarik
mekanikatik iatordan harridura honen despegerako.
Hitz elastikuak behar geunkez,
abioien igotzea posibletzen daben
abiagailu hoien antzeko izenak behar geunkez
euskarak eta biok hemen
iluntzeko hamarrak alde eder hontan
airezirrara hau eraikitzeko nahi neuken airepoeman".

Gero honen ondoren beste hau ere Ezinak karpetan ageri da:

"Hagiņak urten eusten,
berbeak ez eustan urten.
Bizarrak urten eustan,
berbeak ez eustan urten.
Hasi jat ulea jausten,
baiņa ta berbarik ez jat
oraindik hasi urteten.
Berbeak ezin deust urten
ezin deust-eta urten.
Arean
hil ere egingo naz
berbeak urten baiņo lehen".

Uda batez Madrilen liburuan nahiko erabilia dut hitzaren gai hau. Honela diotsat Juan Mari Lekuonari: "Luzaroko lana nuke oraindik Madrilek agertu zidan guztia hitzetan taxutzea. Ez da erraza ikuskari ta sentikarien hitzetan urtzea" (4. horr.). "Badakizu inondik ere hitzetik hortzerako kazetaritzaz ari ez natzaizuna. Beste idazjenero hartaz dihardutsut. Ez noski gaia hitzaren bidez eraiki ohi duen literatur mota hartaz, hitza gaiaren bidez eraiki nahi lizukeen hartaz baino. Nik nahi dudana badakizu: Hitza egin ikuskari, gertakari ta sentikarien nagusi, hitzaren pean jarri gaia, gaiak hitzari zerbi diezaiola egin. Basaokanak goian ageri dira oraindik, izpiritua ez zaie oraindik jabe egin, ez ditu oraindik azpitan hartu. Oraindik ez zait ondu Madrilen bildutako basaokan ta gindaz bete nuen ontzirik" (5. horr.). Ez nijoa orain hitzari buruz Uda batez Madrilen idatzirik ditudanak kopiatzera. Arazoa hemen zera da: Edozein literatur kreakuntzatarako edotariko hitzak behar ditugula, eta edotariko jakintza gaiak ari zaizkigula heltzen euskaraz. Eta hemen bai, Paulo, goratu behar dutala zuek, Elhuyar-ek eta bestek ari duzuten lana, euskararentzat lurberriak urratzen ari bait zarete. Orain artean euskaraz erabili ez diren eta ezin erabili izan diren gaien erabilpena posibletzen bait duzue. Inguruan bizi dugun errealitatearen euskarazko espresapena bait damaiguzute, euskarazko "itsaso urdin eta zabala" gero ta hurbilagotik posibletuz. Hizkuntzaren poeta deitzen zaituztet nik, zientzia hizkeraren bidez hizkuntza aberasten ari zaretelako, eta zientziarekin batera hzkuntzaren erabilpena irakasten diguzutelako. Hizkuntzaren udaberri baten jarri gaitu gertakizun honek. Hitzen jaiotza oparo baten ernebehar bizkorra bizi dugu fisikan, kimikan, geografian, astronomian, meterologian, mineralogian; landare, animalia to gizoni buruzko hitzen jaiotza; anatomia, fisiologia, medizina, komertzio ta industria-hitzen jaiotza. Baina ez hitzen jaiotza hutsa, baita hizkera baten jaiotza ere. Jaiotza oro poesia da ostera. Horregatik nire alaitasuna Natur Zientziak eta Teknologia-ta euskaraz irakurtzean. Horregatik deitu nien poesia ere, poesiaren lehen oinharri bait dira eta poesia eraikitzeko gai eder. Beren esanahiz eta asmoz datoz jendearengana, idazlearengana. Poetarengana heltzean, eskuztatu egingo ditu poetak, ingurumena begiratuko die poetak, apur bat zoro bihurtuko ditu poetak, apur bat argitu egingo ditu eta pitin bat ilunduko, errealismuz nabarmenduko ditu puska bat eta idealismuz beste puska bat; egunoroko jantzi arrunta kendu eta asmo berriz jantziko ditu poetak. Bitartean hitzaren sortzaileak ditut poeta, eta euskaraz landutako gai berri oro poesia.
Edozein gaiez ari den idazlek behar du eskuartean hitza; oraindik eskuartenago behar du hitza literaturlariak; areago oraindik poetak. "Ezin daiteke ibil une bakoitzean esankizunen adierazpide materialaren bila, hitz bakoitza sortu beharrez idaztaldi bakoitzean; jadanik erabakia behar luke hitzaren gorabehera hori eta ez luke formaren arazoa besterik hartu behar. Formaren arazoz aurrekoa, hizkuntza materiala, ondo berea behar luke idazleak eta soroaren lana besterik ez luke egin behar, erraiak asebeterik dituen iturri kantari ta kontariarena. Hazia barruan duen soroari bezala, ura erraietan duen iturriari bezala, hitzak berez berez irten behar lioke idazleari, nahiz eta nekez, berez; gutxienik bederatzi hilabetetan osatua ta ondua, paperera orduko bere ahotsaren jabe duelarik hitz bakoitza; eta ez familia gehitu nahi duen bakoitzeko haurra inondik ekarri beharrez, semetzat hartu beharrez, bataiatu beharrez, ekanduko ez ote zaion betiko beldurrez" (Udaz batez Madrilen, 76-77 horr.).
Horregatik dihardut hain gustora zientzi hiztegi eta textuliburuok irakurtzen, hizkuntza irakasten didatelako, hiztegia ugaltzen didatelako, hizkuntza pertsonal eta poetikoa sortzeko zeri heldu gehiago eskaintzen didatelako. Biharko poeten —itsas urdin eta zabaletiko— kruzero ta joanetorrietarako ontzi moderno ta handi egiten ikusten dut euskara. Idatz ditzagun ontzi horren bandera zabaletan zabal Bernat Detxeparen Sautrelako profezia ta berri onezko hitzok:

"Heuskaldun den gizon orok altxa beza buruya,
Ezi huyen lengoajia izanen da floria.
Printze eta iaun handiek orok haren galdia".

Nik berriz orduan ahal izango ditut esan Madrileko Plaza Mayor-en idatzi nahiko nituenak, Barajas-eko aireportukoak-eta. Orduz gero ostera ezingo dut jadanik berriro idatzi honelakorik: "Arkitektura, mekanika, komertzio-andana-andanadak begitan. Ikuskizun berri ta miragarriak begitan. Kalea begitan, hiria, makropolia, eta hitzik ez". Orduz gero ezingo dut jadanik egiaz esan: "Ikuskizun eta bizikizun berriz azaldu zaidan hiriarentzat ez dut hiztegirik". Jadanik orduan

"Zergauza bakoitzarentzat izen bana dukegunean,
gauza bakoitzaren izena dakikegunean,
bizitzako gauza bakoitzaren izena nota huts baino
akorde bete dakikegunean,
gure begiok dakuskiguketena,
gure belarrioz datorkigukeena,
adimena uki diezagukeen ororentzat
hitz zehatzak dituzkegunean,
errealitatez eta hitzez jabe gaitezkeenean,
orduan ez dukegu eragozpenik izanen
hitzezko paradisu bat sortzeko.
Bitartean paradisurik ez dago,
bitartean eginberri gara,
oraindik ez dakigu gauzen izenik.
Besakozkor handiak ditugu
baina ez dakigu gauzen izenik,
soldaduzka egina dugu
baina ez dakigu gauzen izenik,
unibertsitatean titulatuak gara
baina ez dakigu gauzen izenik,
ezkondu ere egin ginen eta familia hazi
baina ez dakigu gauzen izenik,
jakin usteko pausoz ari gara
baina ez dakigu gauzen izenik.
Gauzei izenik ezarri aurreko
lehen-garaitan gara oraindik.
Zazpi urteko izpiritu bizitza
bizi dugu oraindik.
Juxtu ohartzen gara geure buruz
juxtu geure buruaren erantzukizunez.
Zazpi urteko gara
eta errealitate ikaragarri handi eta ugari eta
aspaldiko baten erdian bizi gara
eta ez diogu ezarri izenik,
ez diogu asmatu izenik,
ta ez dakigu.
Errealitateak itotzen gaitu gauzaz,
Edotariko teoriaz, sorketaz, aurrerapenez,
jakintzaz,
baina guk ez dakigu direnok zehazten
xehapenezko hitzez, eta
gutxi gora behera mintzatzen gara
gorabehera gutxi duenez,
ez baitakigu gauzen izenik,
euskaraz gauzen
izanik".

(Uda batez Madrilen, 66-67. horr.)

Gaia 1: Poesia
Gaia 2: Euskara
Azpi-gaia: Idazlea: Hitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa