Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAV^

I
Arantzazura badago
karreteraz lehenagoko
erromes-biderik franko.
Bat, Arrikruztik gorako [I]
galtzada, esaterako.
Oņati-Mondragoetako
gizon latzek, haitzik asko
puskatuz, irekitako
bidea da; pausoz pauso,
Inazio, Loiolako
zaldunak, ibilitako
bide bera, aspaldiko (1)
harbidea. Hamaikatxo
erromes jende jenero
etorri da ondoz ondo (2)
Gesaltzetatik gorako [II]
aldapadaz harrezkero.
Bide hori hala dago
harkozko galtzatuz baino
erromesen mendetako
zapaduraz trinkoago.(3)

Arantzazurago eta (4)
bidea maldatsuago,
Zapiarbera gogorra, [III]
handik gora gogorrago,
Azkartzagain tontorrera [IV]
erripa gaiztoa dago,
erripa gaiztoegia
bidaldi azkenerako;
jendeak arnasa hartzen du
behin hara irtenez gero.
Azkartzagain, sekulako
begiraleku ederra,
Kurtzegorri ere bada.
Izen hori burdinazko
gurutzetxo behinolako
batengandik datorkio.
Begiraleku ederra
Azkartzagain eta atseden-
paraje ederragoa;
erripak amaitu dira,
aurrera dena da laua,
zelaitxo biren erditik,
harbidea, neke gabe,
Kurtzipiziora doa. [V]

II
Goitik zetorren bidea, (5)
lehenago Arantzazura,
antzinako harbidea.
Goitik zetorren bidea,
Arantzazuko bentaren [VI]
etxaburu goenetik.
Bide horren bazterrean,
puntuan aipaturiko
bentatik nahiko hurrean,
badago ermita xahar bat
erdi atzendu antzean.
Aurrekoen kantuetan
leku maitatu bezala
kontaturik ageri da.
Aspaldiko ermita da,
Kurtzipizio deritzo,
baita ere Santo Kristo.

III
Arantzazura zetorren
galtzadaren bazterrean,
gurgarri eta antzinako,
Santo Kristo hemen dago,
irudi neurri oneko,
gozo eta onerazle,
arte aldetik apala,
aukeran arrunta oso. (6)
Zerura jarria dago,
pitzatuz eta zartatuz
kaltetua gutxi asko;
begitarte narea du,
bake airea dario,
maitasunak eraginik
bizia eskaini duen
maitale dohatsuaren
patxada nabari zaio.
Irudi txit egokia,
barruko soseguaren
bila dabilen erromes
ahulduarentzat, atseden
halakoa du ematen,
lasaitasun anaikorra,
onaldi sakon argia.

IV
Arantzazuko galtzada
negakarriaren mugan,
gaur egun ahazturik asko,
kurtzipizio ermita,
Jesus gurutziltzatua
beso zabalik duela:
onarpenaren ate da
eta ongietorriaren
atari abegizkoa.
Behinolako erromesak
ezagun zuen txoko hau
eta irrikatzen zuen
bidean biziki oso, (7)
ez baitzuen beste asmo
behinagorik hauxe baino:
Kurtzipiziora heldu
behinik behin, salbetarako. [VII]

Gaia 1: Arantzazu
Azpi-gaia: Arantzazu: bideak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa