Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Donibane Lohitzunen. Abuztuaren 29 - Irailaren 8-ra.
Hamabi egunetako eta eguneko 8-10 ordutako lanaren berri zehatzik ezin nezaizuke eman eskeini didaten orri-barru hontan. Gaingiroki mintzatuko natzaizu beraz eta esanen dizudana ez da kronika bat izanen. Zientzien eta Letren irakaspen nagusia euskeraz emango duen betiko unibersitate [sic] euskaldun baten prestaera izan nahi du lehenik udako euskal unibersitateak, eta saio gisa. hortan aritu da. Aurreneko egunetan lilurazko mundu batetan sartu nintzela iruditu zitzaidan, matematikaz, literaturaz, antropologiaz, fisikaz-eta barra-barra eta euskerak beti erabili dituen gaiak balirian mintzatu bai zitzaizkigun gure irakasleak. Hiztegiaren aldetik hartu zuten bidea, trabak desegiteko bide aproposa izan bai zen. Hizlapur lotsagabe eta zorioneko haiei esker eta aldiz geure ditugun landu gabeko hizkuntzak eman ditzaken apurtxoz baliatuz, ez du ematen zergatik euskeraz gai hoiek erabili ezin ditezkeanik. Poza ematen du noizbait behintzat gure jakitunak bihurtu direla hitz-pirata ikusteak. Piratak ez bestek salbatu ezin bailezakete euskal irakaskintzaren egoera. 70-80 eta sarritan askoz gehiago ginan ikasle egarri eta zoli, bai gaiari eta bai gaia azaltzeko erari begiratzen genienak. Ni neure inpresioz-edo mintzatuko natzaizula agindu dizudanez zera ere zor dizut esatea, alegia, aurreneko egunak lilurazko izan nituen bezela, azkenekoak pixu batez zapaldu nindutela. Egia da irakasleak, bata zein beste airoski mintzatu zitzaigula gerora ere kondairaz, edergintzaz, teologiaz, ekonomiaz, soziologiaz, informatikaz, eta, baina gai hauek euskeratu gabe dauzkagula, testoen eta tratatuen beharrean gaudela eta abar, eta oraindik euskal irakaspen alorrean egiteko dagoen hainbeste egitekoren pixuz zapal-zapal eginda geratu nintzan.
Hala ere esan behar dizut, ez masokista naizelako, baina bai biologiaren legeak onartzen ditudalako, horrek denak ere badakarkidala bere poza. Hara, gu euskal unibersidadera jaiotzen ari gera eta jaiotzeak bere dituen esturak behar ditu aurrera ertengo badu eta argitara azalduko baldin bada. Eta gu kinka honetan gaduzkazu. Euskalerria herri gazte ikusten dutala ere esan behar dizut aurreko horregatik. Beno, gazte baino haur, baina etorri datorrena. Lehenbiziko ekitaldia baino ez izateko, oso ongi atera da udako euskal unibersitate hau. Hala ere, datorren urterako lerro berriak, osagarri eta muga berriak jarri zaizkio eta jadaniko esperientzia baten ondoren ari geranez gero, urrengo saioa oinarri eta inguru tinko, landuago eta argiagoen barnean gertatuko dela zihur nago. Behar genukean hainbat ez bada ere, uste ez bezain jende badugu, zernahitan prestatua eta lanerako gertu dagoena. Ikasletarik [sic] urriago ibili ginela iruditzen zait, irakasletatik baino. Han-hemengo unibersidadetan beren ikasteak egiten ari direnen talde handiago bat ezitzaigun [sic] gaizki etorriko.

Gaia 1: Euskara
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Euskara: Modernotzea
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa