Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Elorria, elorri jaio zan, eta elorri dirau. Alaxe: elorri. Eta Jaungoikoari eskerrak. [I]
Elorriak ez du ezer askotarako balio. An edo emen dago, biurri eta arantzez josia. Neguan azaltzen zaigu, batez ere, era ortan, ain biurri ta lakar. Udaberrian zazpi beatzeko ostroz janzten da, eta ondoren, lore-mortxaka zuriz. Udazkenean odol-tantoak bezelako ale gorriz ikusten degu.
Nik ba-dakit aren ostro, lore ta ale egosien ura osasunerako on dana; ain zuzen ere, biotzarentzako osasungarri dana. Baiña jendea biotzetik bizi al da gaur? Ardurarik ba al dio iñori gaurko bizitzan biotz-goraberak?
Gure aitak elorri ondoan mizpira-mentuak txertatzen zituan, ni ume nintzanean. Eta elorriak mentu ori ta beste zenbait ere ongi artzen dituana, aitak esanda dakit.
Oiek ola dirala, elorria ez da ain alperriko, baiña jendearen iritziari nagokio, ta, elorriak ezertarako ere eztuala balio, aitortu nai det.
Baiña iritzi onekin batera, ezin naiz osorik jarri. Beldur auxe daukat: balio ez duana, elorria ala iritzi bera ez ote dan. Gauzak estimatzen aaztu ez ote degun. Elorria bere balio gutxian, elorria bere lakarrean, bere arantza luze ta zorrotzekin, bere ostro urratuekin, bere frutu odolaztuekin [sic, odoleztatuekin?], bere berez edo izatez estimagarri ez ote dan.
Gauza txikietan kargutzen omen naiz. Elorria ez omen da munduaren atentzioa merezi duan zugaitza. Ez omen da interes universala [sic] merezi duan arbola. Beraz, universaltasuna palta omen zaio. Gaur, berriz, universalista* degu jendea.

+++

Iñoiz —eta ez det esango nork—, bizitza zertan emanazten nuan, galdetu zidan, urliak. Gizon aundia zan, oiñetatik burura artekoan, beintzat. Aundia berekiko iritzian ere, ta, gaiñerako norbaitzuen iritzian ere aundia. Nik ere banenkian bere burua aintzat zeukana, ta, ain aintzat euki ere! Ta lotsa nintzan nere jardun-bidetxoa azaltzen. Baiña, ala ere, umeei eskola irakasten ari nintzala eta gero, jai-egunetan, ara ta bestera ere ateratzen nintzala nere apaiz-zeregiñak betetzera. Ta, nora ateratzen nintzan. Garai artan, batean Sanjuanerreka-ra, bestean Itxasolegorrera, bestean Urrexola-ra ta ala ateratzen nintzan: ta, gaur bertan ere, Araotz det nere jai-egunetako alor. [II] Ta, alakoren bat adierazi nion.
Aren begiratuak bai zapalduta utzi ninduala! Orbelak, zapalduz, lokatz artean barrentzen ditugun eran, zapaldu ere. Gutxi iritzi zion nere jardunari, ain gutxi ta ain zabalera gutxikoa, universaltasun gutxikoa, batez ere. Beti geundela arazotxoetan murgilduta, beti Matxinbenta baiño arutzago begiratu gabe. Gizonak ori baiño zabalera aundiagokoa izan bear duala, gure egiteak eta apostoladuteak [sic] universalagoa izan bear duala, ta abar. Eta abarkapean utzi ninduan, abarkak sekula jantzi ezpaditu ere. Ta, alako gizonak, nola abarkak jantzi? Nola abarkadunekin etsi?
Gaiñetik kendu zitzaidanean, arnasa puxka bat etzidan ukatu aizeak. Ezta arratsalde artako argiak bere izpi eder bat ere. Ta, ala, ta, nolabait, atera nuan biotza zetzan lokatz artetik eta nere inguru txikiari begira jarri nintzan berriz ere. Baiña egundoko mazpilduraz nengoan dena.
Urrengo mendi-aldian elorriari begira jarri nintzan, oitura bezela. Txillarrari, oteari, belarrari, elorriari. Gizarajoak! Zer errukia artu nien! Baiña nola zeuden bizirik? Nola zeukan [sic] bizi izateko arpegirik? Eta nik, nere eskola ta apaiz-lanak egin oi ditudan arkaitz-artea ta baserri-uneak ere an ziran ageri, mendi-baxterretan, ibartxoetan, basoen-eta artean. Benetan ziran txiki, benetan zuten merezi aaztutzea, bertan-beera uztea; gizonak universalagoa bai du izan bear!
Eta aiek bertan-beera utzita, universalera jo nuan. Eta nola ez? An, eta, laister arkitu nuan dena universala zan urlia. Ta diosala egin nion, eta ni, nola txikia nintzan, etzuan nire diosala aintzat artu. Beraz alperrik nenbillen. Nik ere atzera utzi nituan gauzekin aaztuta geratu bear nuan. Universal arek ezgiñanetz [sic] artzen bai ginduan ni ta nik utzi nituanak.
Gerora, makiña bat universalista ezagutu ditut. Baiña nolako universalistak! Aien dotriña bai zaidala gauza zailla! Universala izateko, asko edo gutxi, baiña zerbait, ukatu bear bada —auxe istillua!— universal ortatik zer kendu bear ote degu? Ta nola universal geratu, universalari zerbait ukatuz gero?
Ta burua argiztatzeko, berriz ere, elorriak bizi diran malkorretara etorri nintzan. Gizarajoak, antxe zeuden aiek, beren arkaitz-muturrei lotuta, beren baxterrei edo txokoei itsatsita. Baiña anporra eta adarrak eta arbaztak gora begira zeuzkaten, alde guztietara begira, okerka, biurrika edo al zuten bezela jaso bear bazituzten ere; eta aizearen nun-naiko mandatuak entzun et aizeari noranaiko mandatuak eman ari ziran. Etzeukaten iñorentzako prejuiziorik ez perjudiziorik.

+++

Et gaur ere mendira. Gaur, Garoa-ren laugarren argitaldiarekin.
Baserritar eta artzaien inguruok nik baiño leenago maitatu zituan Domingo Agirre-k. Baiña zertako ta zergatik? Ez ote zegoan aren garaian novela-gai universalagorik? Zergatik mugatu zan ain paraje estuan? Zer dute zer ikusirik baserritar eta artzaien bizi-modu ta gora-beerak? Apaiz baten ardura ta jarduna aritu al ote ditezke onelako gaietan, universaltasunari iraiñik egin gabe? Ta, gaiñera, euskeraz jardun eta aritu ere: ain ertsia, ain gutxirena dan izkuntza zarpazar ortan! Agirre berak ere ba-zuan kezka ori, Aita Villasante-k dionez.
Euskaldunok konpleju ori ba-degu, beintzat. Gere txokoan bizi geralako, gereari eusten ari geralako, gere aduari zintzo gakizkiolako [sic], norbere lurrean saiatzen geralako besterik gabe, egozten diguten universaltasun-ezak, norberena utzi, galdu, ondatu, aaztu ta desegitera eramateko arriskuan bizi gera. Baiña zergatik konpleju-pe ortan sartu ta gelditu ta kokildu ta etsi? Konplejua eukitzekoa ote da ori? Universalista diralako oiei tokiaren zentzua ez ote zaie palta? Eta tokia ez al da universoaren zati? Eta toki bakoitzeko berezitasunak ez al dira berez eta bearrez universoaren edergarri? Beraz gu, gerean aritzean, ez al gera universal?
Baiña guk, gereari ekiteko, Apezpikuarengana baimen-eske joan bearra daukagu.
Elorriak zori obeko! Aiek ez dute kezkarik elorri izateko, ta, elorri diraute, basoetan, malkorretan eta arruetan beren aide ta giro ta izate apartekoaren grazia antxe jartzen dutelarik, parajearen apainduri ikusgarriagorako. Adarrak nundinaiko aizeari zabalik, ostroak noranaiko agur eta gorantziak bidaliz, loreen usaia aidearen eskuetan jarriaz, edozein eta edonungo txorientzat aleak. Beren txokoetan trinko, baiña adaburuak zeru-lurrei eskeñiaz. Beren izatea beartu gabe, baiña belarrari belar izatea debekatu gabe, txillarrari txillar izatea galerazi gabe, oteari ote izatea akartu gabe, txori izatearen inbidi gabe, bere izatearekin konforme, iñoren izatea gutxiesti gabe, nardatu gabe, zapaldu gabe; mizpira-mentua artzeko ere gertu. Zer besterik bear dute universal izateko?

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Jendea: Bajuak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa