Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

MRN^

Zorionak, klaro. Zer ba? Zergatik ez? Ez al dira ba Gabonak? Ez al dira oporrak, jaiak? Ba, horrexegatik.
Ez dut konplikaziorik nahi. Ez nago filosofietan ibiltzeko eta ez Teologietan ibilitzeko ere. Eguneroko zereginak, bada nahiko buruhauste. Eta Gabon-jaiak!
Bai, Gabon-festak gainean eta berton. Dios, Gabonak! Anuntziatu batetik eta aldarrikatu bestetik. Enteratu ez ezik, errebentatu ere egingo dugu Gabon asuntoaz.
Sukaldean bertan eta umeen aurrean ari zaizkigu esan eta esan, zer jan, zer edan, zen jantzi, zer erosi, zer oparitu, erregalatu genezakeen. Merke eskaintzen dituzte ba erosgai demoniuok!
Lotsarik ez dauka jendeak ez irratian, ez telebistan, ez kaleak zehar dendetan, komertzioetan eta bestetan. Baina zer pentsatzen dute? Zer milagro egin behar du batek etxean hain mehe sartzen den diruaz? Eta dale: Olentzero dela, ez dakit zer eta zer dela, eta gero Erregenak. Dena dirua kentzeko. Sakamantekas, Gabonak eta gaboneroak.
Eta felizitatu edo zoriondu egin behar dela. Klaro, igaz urrezko ertzekin hartu genuen guk Rufinoren tarjeta. Karajo, erosi egin beharko ditut tarjetaren batzuk. Urrezko ertzak dituztenak ere erosi egin beharko ditut. Zorionak edo felicidades ipintzeko. Zer besterik ipini genezake ba? Ikasi genuen eskolak ematen al digu ba ezer gehiagotarako? Eta arbola. Nonbait harrapatzen ez badugu, erosi egin behar hori ere. Eta turroiak, eta mazapanak, eta txanpana, eta marka oneko ardo boteilaren bat, eta ogia eta gatza eta mierda guztia.
Gabonak, Gabon-jaiak, norbaitek asmatu zituen horiek ere ba! Eta gero eta estuagoak ez balira! Lehen gutxixeagoz pasatzen genuen. Orain gehiago behar da, gehiago, gehiago Ħala! dena gehiago, denetik gehiago, halako baten plaf! egin arte.
Gabonak. Lehenago hainbeste gauza ez zelarik ere, ederki asko pasatzen genuen ba! Baina Gabonak berak ere aldatu egin dira, kanbiatu.
Gabonetarako, lehen, ilusioa zegoen, ilusio haundia. Jakina estraordinario pixka bat ipintzen zena: turroia eta pikuak, eta mahaspasak eta panderreies, eta kafea eta ardoa, eta bat edo bi klasetako kopak, eta halako edo bestelako guleriatxoren bat edo beste, orduan ere bazen bai, ahal bazen. (1) Eta janaria, inoizko ardura guztiaz prestatu eta apaindua, bai Gabon-afaritarako, bai Natibitate bazkaritarako, baita Gabon zahar edo urte zahar gauerako ere.
Eta, baina orduan ilusioa zen nagusi. Familiakoak elkarrekin armonia onean egun batzuk bizitzeko ilusioa. Elkarrekin jan, edan, jokoan egin. Begira, elizarako bertarako ere ilusioa: gauerdiko meza zela, Natibitate egunekoa... Elizkizun pobreagoak ziren behar bada, baina bete egiten gintuzten, kontsolatu. Orain gorputzik ere ez zaigu geratzen elizarako. Burua ere, telebistan ikusitakoaz ok eginda baino maspilduta!
Eta familiako egun izatea ere gero eta gutx tiago direla Gabonak esan behar. Etxean jenderik duenak ulertuko dit. Gabonak gaur, zorion zeinu eta zorion itxura guztien azpian edo barruan, ito-itoka, estu-estuka edo gaizki pasatzeko egunak dira asko eta askorentzat.
Gabonak. Eta zuk zeuk Gabonak non eta nola pasatzeko asmoa duzu, Bitoriano? Zer intentzio edo plan duzu gabonetarako?
—Nik? Aspertu ere egingo zara nire egitasmo eta proiektuaren aurrean. Alde batetik nik ez daukat familiako buru edo arduradun zaretenon kezkamodu, buruhauste eta kalbariorik. Nire premia pertsonal eta eskabide materialak oso txiki eta exkaxak dira bestalde. Gabonak komentuko anaia artean igarotzeko ustetan nago, Gabon ospakizunei leku emanez gorputzean eta espirituan. Niretzat jai eta ospakizun beteak dira, Gabon eta Eguberri festak. Aspaldi gustatu zitzaidan Nazareteko Jesusen jaiotegun festak dira; zintzoa eta fidagarria dela aspaldi ikusi nuen Jesusen jaiotegun festak; Berarekin zoratzeraino irabazi ninduen Jesusen jaiotegun festak. Eta gauza garbi dago: Haren jaiotza pozgarria da niretzat, altu eta sakon, zabal eta luze ospatzekoa, pozez lehertzerainoan ospatzekoa; hortan galdu eta goza dadin utziko diot naizen guztiari.
Eta zera galdetzen dut: Non eta nola igaroko ote lituzke Gabon eta Eguberri jaiak Jesusek berak, bere jaiotze festa hauek munduan pasatzera etorriko balitz?
Usterik gutxien dugun lekuan eta lagunartean igaroko lituzke, hori seguru. Bere jaioteguna ospatzeko aitzakian, gehien gastatzen den lekuan ez behintzat! Hori ere ziur. Pobreekin, marjinatuekin, gaixo behartsuekin ospatuko lukeela Gabona, hori ere gauza ziurra. Bere jaiotza ospatzeko gastu haundiagorik egingo ez lukeena ere duda ezina. Justizia eta bakea eta poza eta zoriona garraiatzen berriro ere odola isurtzeraino arriskatuko litzatekeena, hori ere segurua.
Eguberri jaiak gure Gabon eta Eguberriak baino lehenagoakoak badira ere, kristau garenok, Kristo Jesusen jaiotza ospatzeko erabiltzen ditugu. Ongi derizkiot poza barruan ez ezik kanpoan ere bizitzeari. Espirituari ez ezik gorputzari ere bere asaskaldia, lasaialdia emateari. Nola ez, espiritu eta gorputz bat bera garenez? Ez espirituari, ez gorputzari eman behar ez dioguna beste hori da: lortu ezin ditugun gauzen inbidia. Behar ez ditugun gauzak inguratzea. Nahikoa duguna baino gehiago gutiziatzea. Besteek egiten duten gehiegikeria geuk ere egin nahi izatea. Hainbeste gauza sobrakoren egarriari leku ematea eta beste.
Gabonak. Etxera ez ezik norbere barrura etortzeko egunak ere badirelakoan nago. Norbere errealitatea, bere egia guztian geldiro begiratzeko egunak. Ez al zara gogoratzen, gauza gutxiagorekin, zenbat aldiz izan zaren etxea bete gauzaz baino zoriontsuago? Ez ditzagun, gauzen gose tontoz, ez ditzagun tormentu, infernu egin Gabonak.
Belengo estalpean, haiek behar zutena baino gutxiago ukan arren, dudarik ez, pozaren gozoa izan zutela; gauzen premia latza bera ahaztu arazteko tamainan ez ezik, eskasia bera gozamen bihurtzeko hainbatean eduki ere.

"Gabonak datozela-ta
jendearen tarrapata!
Gabonak datozela-ta
erosketa da nagusi,
adornua ta zarata.
Eta Gabonak eta Gabonak:
Zelofan, paper de plata".

"Txanpana eta burgeskeria, (2)
gustatzen zaizkigun gauzak.
Kontsumoari emanak gaude
nahiz-ta ingresu eskasak.
Anuntzio ta milikeriaz
telebista eta plazak,
guztiak dira bizimodua
endredatzeko matazak".

"Ez dut anunziatzen
merkatuko gairik,
ez naiz komertziante,
sinestedun baizik.
Dakardan merkantzia,
hain dakart dohainik,
nahi duenak har beza
konpromezu barik:
Gabon ta Eguberri
ditut aldarrigai,
Belengo berri ona
dakarkit gozagai".

(Gabon dut Anuntzio liburutik hartuak). [I]

Dohainik, debalde dakart niretzat benetan handia den Belengo jaiotzaren berri ona. Horretan nago ni fuerte: Jesusen jaiotzak gizadiarentzat suposatzen duen abantaila horren sinesmenean. Zorioneko gaudela, adiskideok. Gure era bateko zein besteko jarrera gorabehera, guztiok gaitu maite Belenen jaioak. Guztioi opa digu zoriona. "Nahi duenak har beza", klaro.

Zorionak

Bitoriano Gandiaga

Gaia 1: Gabonak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa