Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

izena aukeratu dut, eta ez txirrita, gaztelerazko cigarra adierazteko. Txirrita izena Jose Manuel Lujanbio Retegi bertsolari handienarentzako utzi nahi dut. Nik intsektuaren izena eraman nahi dut, udako berotan kantu txirriti eta teenta* kantatzen duen harena. Nik ttirrittaren antzeratsuko izan nahi dut, aurrerantzean, kantari jarein eta iraupentsua.
Ohizko bizimodu zeregintsuari ihes egin nahi diot, inurriak gorabahera-aspertu naiz inurri izatez-, ez dut pilatzaile-lanik egin nahi, ttirritta bezala, irabazirik gabeko kantari oparotsu izan nahi dut. Ez dut izan nahi euli, "ezer onik egin ez eta besteen lana alperrik galtzen dutenetarikoa". S.B.L.M. [I] Eulia eta ttirritta bereizten ez dakitenengandik jaso beharko dut zimiko zorrotzik.
"Pikondoan bizi zen ttirritta eta sarri kantatzen zuen ihardun barez. Onez onean beregana deitu zion behin (Frantzisko) Aita dohatsuak eta eskua harengana luzatu eta esan zion: "Ene arreba ttirritta hori, zatozkit". Berehala jarri zitzaion ttirritta eskuetan. Eta hark esan: kanta, ene arreba ttirritta horrek, eta gorets ezazu poz-dardaraz Jauna, zure Kreatzailea". Esaneko, bertan jarri zen ttirritta kantuan, eta ez zen isildu arik eta Jainkoaren gizonak, haren kantuari bere gorespena lotuz, egon ohi zen lekura itzul zedila agindu zion arte" (2 Cel., 171). [I]
Bizitza guztian nahi izan ukan dut ttirritta izan, baina jaio orduko hartu nuen hezierari jarraiki, inurri bizimodua egin dut bizitzako hirurogei urteotan. Hala ere nik uste dut izatez eta jitez naizenera behar dudala itzuli, beranduari eta esperientzia berriaren arriskuari etsipenez edo beldurrez begiratu gabe. Ausardia handia beharko dut hartutako erabakia aurrera ateratzeko: Lehenengo, inurri itxura eman dut orain artean, inurri itxura ematen saiatu naiz behintzat. Gero, inurri-pentsamoldea duen jendetartean bertan jarraitu gura dut, ahal izatera, eta denen aurrean aitortu eta bizi izatera eraman ttirritta izateko nere gogo eta erabakia. Inurrien mundu honetan asko jazten du bat eginkizun eta arazo hauetan burubelarri sartuta nabil esateak. Probetxuzko gizontzat jotzen du halakoa edonork, eta poza ematen du halakotzat hartu izateak. Alderantziz, berriz, nork agertu behar du inoren aurrean, berak ez duela ez egiteko bereizirik, ez lan-modu jakinik, erantzunaz? Seguruenik ez diote esango, baina gizajo ikusiko dute halakoa, haurrek berek ere. Ttirritta, ostera, ez da gizajo, ez errukarri. Ttirritta izate-modu bat da, aritze modu bat, agertze modu bat, bokazio bat eta erabaki bat. Ttirrittak badu, mundu hontan, betekizun bat ere: "Kanta, ene arreba, ttirritta horrek, eta gorets esazu poz-dardaraz Jauna, zure Kreatzailea", esan zion Frantzisko Aita dohatsuak ttirrittari.
Pikondoan bizi zen ttirritta. Pikondoan bizitzeak, mundu honetako errealitatetik at bizitzea adieraz lezake. Gaztelerazko esaeraren dundurioak horretara eraman gintzake. Ez dugu alferrik galduko bururapena. Mundu honetako errealitatetik at? Zer da mundu honetako errealitatea? Zer jan, zer jantzi eta non aterpetu arazoak? Bizitzari ezinbestekoak zaizkion baliabide estuak? Bai. Horiek eta beste. Izateari preminazko ez ezik, onuragarri eta eder zaizkion guztiak: jaiak, artea, astiunea eta abar ere bai. Errealitateari nondik eta nola begiratzen diogunak, zerikusi handia du, zerbait edo norbait errealitatearen kanpoan ala barruan dagoen erabakitzean. Lehenengo eta behin, nor da errealitate erabatekoan bizi dena? Nor ikuspuntu erabat egitazkoa duena? Gehiengoaren eritzi eta jokabidea ote da errealitatearen esannahia definitzen eta argitzen duena? Era baten bai, berori ere errealitatearen zati delako. Gertatzen dena, ematen dena, ikusten dena, hori bait da errealitate. Baina ez errealitate guzti eta bakarra. Errealitatea ezin erabaki daiteke demokratikoki. Demokrazia gehiengoak ezartzen du, baina gutxiengoaren presentzia eta jokaera ere errealitate dira. Eta gutxiengoarena ez ezik gizabanakoarena ere bai. Pikondoan bizitzea, gutxiren aukera nahiz halabeharra dela, gertatu egiten denez gero, errealitate da, eta izan badena ez dago bere buruz kanpo. Pikondoa aukera bat da, ikusmira bat, jarrera eta egongune bat. Beste era batzuetako intsekuen artean ttirrittak pikondoa hautatu zuen bere talaiatarako. Eta nik ttirritta nere eredutarako.

Ez dut lanik egin nahi,
ez dut nahi balio,
hauxe dut bai helburu
bai desafio.

Ttirritta izan nahi dut
azkenak artio
kantua eta soa
ditut bokazio;
pikondoan fio,
ernai eta iyo,
txirritol txirrio
txirtxorra jario,
San Frantziskok poztu nau
ta hor noakio.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Ttirritta
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa