Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Hamar urterekin Sabina gustatzen zitzaion. Sabina, argizko dardaraz bizkortasuna zerion Loiolako nexka bat zen. Arratzuko Loiolakoa, noski. Zein ote du abizena? Gure anaia Josek edo ondo jakingo du hori denori. Urte luzeen ondoren, Meza Berrikoan ikusi nuen mahaia zerbitzen, bizkortasun ederra zerion Sabina hori [I]. Hamar urterekin arrapaladarik jo zuen Sabinaren ondoren [II].
Ikusmira aspergaitz ere bazen hamar urterekin: bere alkantzuan zuen guztia behar zuen miatu, baina ez denen gustora. Tontoa ematen zuela esan zion behin amak, berak hitz egiten zuen bakoitzean aurpegira eta, batez ere, ezpainetara begira egoten zitzaiolako. Hauxe da amari sekula barkatu ez dion gauza bakarra. (1)
Hamar urterekin, gaueko amets txar horietako batean, laia-hortzak halako letaginekin ikusi zuen aita amorruz berari begira.
Hamar urterekin euri-egunetan bakarrik (3) joaten zen eskolara, eta Sabina ikustera, zakuzko txanoa burutik behera zuela. (4)
Hamar urterekin zera entzun zion amari gau batean: "Jose, isilago, Bitoriano iratzarri dagoke eta".

+++++

Hogei urterekin, nola nezake adieraz? Izan ere ez du edonork ikusi zaldiko bat bere lehen irteeran mendi-maldan gora dena tente, dena indar, diren haize guztiei sudur-zuloak zabal (5).
Hogei urterekin Nafarroako Oliten zebilen [III]. Bazuen irakurri-beharrik, bazuen irakurri-nahirik. Bazen eta ari zen; baziharduen ahal zuen edozertan: irakurtzen, idazten (6), ikasten, ikusten. Mundua irekitzen ari zitzaiola zuen ohartzen, agertzen ari zitzaiola, begietan jartzen.
Hogei urte, hogeitabat; hogei urte, hogeitabi; eta behar zuen hautetsi munduarekin geratu ala mundua utzi. Olitetik Arantzazura iritsi baino ez, eta bertan zuen beste edozer baino lehen, behin-betirako fraide frantziskotar izatea erabaki. 1951. urtea zen, Azaroaren 11. eguna. Aita eta ama etorri zitzaizkion betiko profesa egin zuen egun hartan. Edozertarako sasoia besterik ez zuten hogeitahiru urtek bultzatzen zioten orduan.

+++++

Mende-erdi baten zama daramat gainean. Uzkur, erori, lotsati, urduri, hemen ari nauzu betiko ideia gutxi batzu buruan iraultzen eta egosten, beti puntu berean jira eta bira, errota zahar bateko harriaren irudi, ez aurrera ez atzera.
Azkenean infarto bat halakoa izan dut. Baina ez omen da gaitz fisikoa. Psikiatratara bidali naute, eta hark denbora galtzen ikasi behar dudala agindu dit, eta horra zertan ari natzaizun.

________________

Z03^
(Azken ataltxoaren itzulpena)

Llevo el peso de medio siglo sobre mis hombros. Remiso, alicaído, tímido y nervioso, con algunas pocas ideas tercas en la cabeza, me parezco a la piedra de un viejo molino, siempre girando sobre el mismo punto, sin avanzar lo más mínimo.
Al final, he sufrido un amago de infarto. Pero no debe de tratarse de una dolencia física. Me han enviado al psiquíatra. El doctor me ha recomendado que aprenda a perder el tiempo.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Bizitza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa