Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Poesia?
Edertasunak inoiz eta betiko
barrutik hartu zituen
hitzen sorta.

Poeta?
Edertasuna hitzetan,
inoiz itzaliko ez den eran,
ezartzeko ahalmena duen gizakia.

Poesia egitea erreza ahal den?
Ez da erreza poesiarik egitea: Hitzetan
edertasunaren bizitza-sua piztu behar duzu.

Ez da erreza hitzak edertasunez piztutzea:
Esan-nahiaren aldea aurkitu behar diezu hitzei,
eta,
askotan, esan-nahiaren aldea bera aldatu egin behar diezu,
suak hartuko baldin baditu.

Ez da erreza poesiarik ulertzea:
Hitzak ulertu behar dituzu,
hitzen bizitza-suak ikutuko baldi bazaitu. (1)
Gure artean zailagoa da oraindik. Euskararik baldin badakigu ere, ez dugu hartu izan ez-eta lehen-mailako euskara eskolarik. Bakoitzak bere herrialdeko euskaratxoa dakigu bakarrik, gehienean. Euskara zabalagoan idatzitako edozer ulertzeko gauzaturik ez bagaude berriz, poesiarik ulertzeko ere urruntxo gaude.
Hala ta guztiz, zoroarena egingo badugu ere, egokia deritzaiot, herriaren belarritara poesia pixka bat ematen joatea.
Gaur, ia orain hogei urte direla idatzi nuen Elorri deitu nuen liburuko zati bat irakurriko dut [I]. Hogei urte baino gehiago ez da idatzi nuela. Orduan oraindik ez genuen egunkaririk irakurtzen, radiorik entzuten, telebistarik ikusten, ez genuen herriaren berririk, geure guraso eta anai-arrebeko harremanik ere ozta; gure mundua aldameneko mendiak hersten zuten, eta menditarte herstu haura zen gure mundu guztia [II]. Mundu hori nuen begi aurrean, eta aurrean nuen mundua ta aldean nuen burua hartu nituen kantakizun.
Elorri arbolatxo arantzaz betea hartu nuen giza bizitzaren irudi bezala. Elorriz diodan asko, gizonari buruz diot. Elorri-ko poesia irudipekoa da beraz. Bizkaiera osatu halakotan idatzi nuen Elorri. Liburuan lehenengo ageri dena irakurriko dut. [III]

Gaia 1: Poesia
Gaia 2: Euskara
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa