Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Jauna, hemen natorkizu
sasoi bateko orri guztiak galdu dituen arbola bezala. Ilusio guztiak galdu ditut ja. Ez dut madarikatzen lengo [sic] orririk, lehengo ilusiorik lehengo hegorik. Lagungarri izan nituan eta zoriontsu egin ninduten. Errealitatearen haizeak eraman dizkit, errealitatearen haizeak biluztu nau. Hauxe da nire egungo errealitatea nire abar eta gerri gorriok. Beharbada goroldio piska batek estaltzen nau oraindik ipar aldetik. Zenbat eta eguna argiago den orduan eta markatuago ageri da nire zilueta. Nire besoak zugana jasorik ageri dira, nire begiak zeugana, adimena ere zeuganantz ari zait, zeuganantz zabaltzen dut ahoa, zeuganantz daukat bihotza. Nire erralitatea nire eza da, nire gabezia. Oinazeak biluztu nau. Orain minbiziak. Zelan eta zenbat mugatzen duten bat osasunik ezak, gaisotasunak, ahuleziak eta txakiltasunak. Apainduria gabeko mintzairan natorkizu, maskaldutako gorputzez, fedeak eta esperantzak ozta eusten dioten espiritu indar handigabekoz. Zer gauza, Jauna! Nere lurraz, buztinaz edo dena delako enbor honekin tupust egitera ekarri nauzu, oraindik zeuk eta biok maite dugun enbor hauskor, ustelkor eta galkor honegaz. Egunoro biltzen gara komunioan, ez nauzu bazterrera uzten gaiso nagoelako, aitzitik emanago zatozkidala esango nuke, karino handiagoz zatozkidala zenbat eta eskasago aurkitzen naizen, zenbat eta heriotzatik hurbilago eta orduan eta maitakorrago zaitut nabari eta, egia esan, neuk ere erruki eta begiramendu handiagoz erreparatzen diot neure buru hain dena beharreko eta zarpail honi. [I]

Gaia 1: Otoitza
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Gaisotasuna/Osasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi