Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Gizonak bildur dio
heriotzari.
Ni naiz heriotzari
bildurra dion gizona.
(Berezko bildur bat da,
berezko bildur bat da
hiltzeko bildurra).
Herriak bildur dio
heriotzari.
Gu gera heriotzari
bildurra dion Herria.

Gizonak hil ez, baino
bizi nahi du.
Ni naiz inoiz hil gabe
bizi nahi duen gizona.
(Berezko nahi bat da,
berezko nahi bat da
bizirik nahia).
Herriak hil ez, baino
bizi nahi du.
Gu gera inoiz hil gabe
bizi nahi duen Herria.

Gizonak betirako
nahi du bizi.
Ni naiz bizitzen bizi
bizi nahi duen gizona.
(Berezko bizi nahi bat
berezko bizi nahi bat
daukagu bizirik).
Herriak betirako
nahi du bizi.
Gu gera bizitzen bizi
bizi nahi duen Herria.

Gizonak agertzen du
bizi nahia.
Ni naiz bizi nahia
agertzen duen gizona.
(Berez agertzen zaigu, (1)
berez agertzen zaigu
bizi nahi bizia).
Herriak agertzen du
bizi nahia.
Gu gera bizi nahia
agertzen duen Herria.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: Bizitza: Heriotza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa