Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Haurtxo baten esperoan
familia gaztea,
aterpe baten eskean
non erditu semea;
ostatuz-ostatu datoz [arrenka datoz ostatuz]:
zabaltzeko atea!
Inortxok ez du aditzen,
alferrik da galdea!

Ai, zer den haien larria,
antsia eta pena!
Aiene, nahi ta ezina!
Ai, pobreen hasperena!
Jendearen mesfidantza [Direnen ardura-eza]
da sentitzen dutena;
latza da bideko haizez
bi gazteen dolamena!

Nahigabezko itsasoan,
elkar poztuz ahalean,
herriz kanpo abiatu
dira Gabon gauean;
koba bat aurkitu dute
eremu bazterrean,
hantxe kokatuko dira [han kokatu ere dira]
ganaduen artean.

Oi, Jose! ódio Mariakó
oi, Mari! ódio Josekó.
Jadanik gazte-parea
ez du estutzen deusek:
non pausatu badute ta
bai non erditu hantxet,
Maria ongi ta Jose
betegin eta kontent.

Handia da Gabon gauaz
Belengo sosegua,
han argitu da errainuz
izarren sorburua;
magalean, besoetan,
hantxe dute, zerua,
oi, Maria ta Joseren
lehia ta entregua!

1983

Gaia 1: Gabonak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa