Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

GDA^

Behin eta berriz, Berri pozgarriz,
inoizko Berri onena;
Gabonez-Gabon, albiste berriz,
Gabon-jaien zoramena,
aldiz-aldi da berri Gabona,
bakoitzean da behinena;
ongietorri, oi, Gabon berri,
Berri On betikoz dena!

Eguzkiaren ama, Gabon gau,
Sua erditzen duzuna,
iguzu berriz Gaboneroko
Su berriaren iharduna;
argi berrituz goza ezazu
begien gandu zurruna;
ikusmen berriz ikus dezagun
berriz dakarzun eguna.

Zuri, mendien gailurrez gailur
Negu-mugako sugarra;
zuri lastargi, ilenti, zuzi,
zuhandor-zarten* pindarra; (1)
Eguberriak hain du merezi
abegi bero suharra,
haren sorrera-pozari diot
opa lamada zangarra*.

Gabonerako mukur* eiharrak*
bildu ohi zituen aitak;
laratz azpian oroitzen ditut
su biziaren txinpartak;
arrosarioz zituen amak
ontzen gisatu ta saltsak;
oi, lurretik hain gertu ginenon
Gabon bero ta aratzak.

Haize, lur eta ur-suok ospa
dezagun beila ernaia,
gaua gainbehera hasi da jada,
jo dizu goren sapaia; (2)
argia dugu etor-bidean,
heldu da haren garaia,
natur gaiokin [gaiekin] egin nahi dut jai
zelatatuz goiz arraia.

Izakiokin Gaboni oihu
esperantzadun bihotzez,
argi-gehitzea ospatzen dugu [uste bai dugu]
lurbiran Gabon bakoitzez;
bizitz indarra bizi ari da
Historia barru-barnez,
lorkizunaren arazo-lagun
Jainkoa dugu oldarrez [Jainkoa bera dugunez]. (2)

Zeru eta lur berrietarantz
bait dugu abiadura,
gizateria osoagaz bat
agurtzen zaitut natura;
elkarrekila bizi dugunez
salbamenaren bentura,
bizkor dezagun berrikunderantz
dei daragigun lilura.

Jantzi gaitezen jai-egunekoz
izaki eta gizaki,
ospatzen ari garen Gabonak
Eguberria dakarki;
ez dugu ilun luzerik jada,
oilaritea da aurki, (2)
hurbilagotzen ari den goiza
aupa dezagun goraki.

Hel zakizkigu, oi, Eguberri,
zu baitan [zugan bai] dugu uste on, (2)
zure Eguzki beti berria
nagusi bedi edonon;
giro argitan bizi nahi dugu,
ez bedi ilunik inon,
pozetan lora dadin elkarri (3)
opa diogun zorion. (4)

1981

Gaia 1: Gabonak
Gaia 2: Biografia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa