Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Bertso berriak jarri behar ta [I]
barruak ez dit laguntzen,
ohitura txarrak kastigatzen nau,
ondo damu zait oraintxen.
Irudimena motel dut eta
biderik ez dit argitzen,
parada hontan lanak izango
ditut aurrera jarraitzen.

Suietak ez du honen errurik
iradokor da suieta,
bere moduko gizon arraro
berdin gabea da-eta.
Alturan motxa, zabal bizkarrez,
plaza bat dizu kopeta,
ez dio baina ematen handi,
burua bait du planeta.

Hor barruan zer egosten duen
jakiten ez da erraza,
inork espero ez duen kartaz
egiten bait dizu baza;
lotuko ditu gauza zailenak,
zorrotz egingo du flaxa,
botako duen kirtenazoak
moztuko dizu arnasa.

Edonoiz dizu ateraldia
gatzetan ondo jarria,
era hortako sukaldaritzan
oso da aipagarria;
Gatzez ez ezik piper minez du
adobatzen belarria,
gozoagoa iruditzen zait
sarritan oinaztarria

Itxura baten patxarosoa,
aukeran zerbait geldia,
inoren presa hitz lasaiekin
nahi 1uke erremedia.
Bere kenketan ba du ordea
nahiko petralkeria,
zital botatzen ditu orduan
ozpina eta lejia.

Atentzioa eskatzen dizu
hizketan jartzen denean,
iharduna inork ez dezaiola
eten, ari den artean.
Benturaz hanka sartzen baduzu
deskuido txiki batean,
behingoan duzu erremuskada
seko isildu zaitean.

Gainerakoan ez da gaiztoa,
sobra da serbiziala,
txapuzeria arreglutan du
bere arazo normala;
sarraila eta argillaberik
badauka konponduala,
radio zahar ta bizarmakinaz
irabazten du jornala.

Bakoitza nondik nora dabilen
izaten dizu ardura,
gauza ona da anaiei buruz
bizi dugun arrengura;
distraituen itxurak arren
beste bat du egitura,
nora zoazen galdetzen dizu
estrematuaz finura.

Ikastetxeko berriak eta
orobat konbentukoak
denak jakin nahi izaten ditu
Juan Mariren gogoak.
Horretarako ditu egiten
dakizkian paseoak,
pasilloetan izan ohi ditu
autu eta maiseoak.

Berriren berri jakitearren
egin zitzaigun kartero, [II]
beaje hortan ikusten ditu
atezain ta zapatero;
han erraz biltzen ditu kontuak
zerbait saiatuaz gero,
zera ahaztu zait, nola den baita
sakristauaren bezero.

Gizonen hitza bakarrik ez du
inguratu ta zabaltzen,
irratiz entzun ohi dut goizero
epistola irakurtzen.
Berandu arren hortarakoxe
zaigu goizetan jaikitzen
Felixek edo Dionik baldin [III]
badio loa aizatzen.

Irrati-gizon egunero ta
noizik eta behin koblari,
irabazi du grado ederrik
bere merituen sari.
Egia esan, aspaldi hontan
ez dabil horren ugari,
antzu-aldia pasatu eta
ikusi nahi dut ernari.

Ahalduena [sic] da, etorri ona
duen iturri argia,
inor bada-ta burutsua da,
hilbeteko ilargia.
Nahizta ez duen berehalaxe
osatzen bertso erdia,
itxoinez gero botako dizu
pisu gaitzeko erbia.

Guztia esan, sentitzen dizu
edertasuna gauzetan,
bihotz goxo ta maitasuntsua
du Juan Marik benetan.
Hitz-joku [sic] zale porrokatua,
atsegina da berbetan,
tertuliarik baldin badago
han ihardungo du olgetan.

Bertso eskolan aritu zen lehen,
Txabarri lagun zuela,
Xebero ere han izaten zen [IV]
arinduz haien gaubela.
Iluntze oro, ihardun ta ekin,
Mejoratu zen horrela,
ez dakit gero nongo arraiok
mudatu dion ganbela.

Isildu bazen, isilik dago,
ez du bertsorik aspaldi,
neuk ere hobe egingo nuke
behingoan isil banendi.
Barka, Juan Mari, txotxolo honen
hainbat hitz eta esaldi
modu hobean idatz zitezkeen
eskutada bat ahapaldi.

Egin dizudan argazki hontan
ez begiratu kritika,
konfiantzatan ihardun natzaizu
ziri ta ezten jaurtika.
Benetan zaitut apreziatzen,
hauxe nahi dut errepika:
nire desira onak zuretzat,
zorion-agur miloika.

1984 - otzaila

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa