Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

L3G^

Antton Aramenditaz nahi nuke arittu
era ona ta gaia topa ahal banittu-; [I]
ez da ez duelako nahikoa merittu,
baina lehen aipaturik ez dut nahi berrittu,
ezin zaio Anttoni nola nahi ukittu.

"Ekina gogorra da", esan ohi da sarri,
agian otuko zait zerbait esangarri;
arduraz begiratu behar zer ezarri
haserre sumindurik ez dakidan jarri,
damu bait nuke bizi beharra elbarri.

Nahi ez baduzu gaizki paratuta agertu,
txikia duzun arren etzazu baztertu;
hutsagatik hain erraz ohi denez mukertu,
nork haren oldarraren jasarik atertu?
Nahitaez besteen pare behar da edertu.

Berandua baino lehen esatera noa
nire gaurko bertsoen kausa prezisoa;
sugarri ez dakion nire akzioa,
ez diot ukatuko bere razioa,
ebita ahal dezadan gaitz-okasioa.

Ondo esanez gero ez da gizatxarra,
nahizeta [sic] ez den hortan izaki bakarra;
deskuidoz inork jotzen badio adarra,
behingoan pizten zaio sua eta garra;
bueltan jaurtiko dizu ilenti azkarra

Goazen bada kontuz gizonarengana
broma gabe eskainiz dagokion fama;
asko gustatzen zaio jana ta edana,
ez dut nabarmenduko hor duen afana,
noizbait errespetatuz, hitzen aduana.

Inori on bazaio alimentatzea,
txikiei dagokie pertza ta eltzea;
baina zertarako da premisak jartzea,
ez baita prezisoko hortara heltzea?
Alferrik da bistako gauzak aipatzea.

Jan-kontuak utzita, ezain* baitirade,
jarrai dezadan kantuz ahal bezain xuabe;
beste aldetik ez da horren tripazale,
agian gehitxo bota izan dut nahi gabe,
arazoa ez baita esan bezain grabe.

Horra bada kontu hau baztertuz betiko
beste gai batzuetaz natzaio ariko;
honez gero ez dago oso katoliko,
ez al nuke onena ixildu ta kito?
Beldur naiz egin dezan laster kokoriko.

Hala ere ihardunak iharduna baitakar,
hor non dioan beste zerbait bidenabar:
moztu berriak ditu bizar eta kazkar,
noski, urtebetetzez majo egon behar,
ea irriņoren bat ahal duen erakar.

Aipatu dut lehen ere gustatzen zaiona:
errespetuz gainera, tratamendu ona;
nire aldetik bego seguru gizona,
ez nioke ukatu nahi dagokiona:
egia da neskekin abila den sona.

Baina uste dudanez esan nuen hori,
errepetiziotan ez gaiten erori:
horrelakorik ezin esan nik askori
edonortxok ez baitu horrenbeste zori;
ai, nor litzatekean Antton bezain txori!

Inbidiaz nabilen susmorik bazenu,
normala denez gero, ez da fenomenu;
nahizta neskekikorik ezin guk mantenu,
haiek baitira gure zeru ta infernu,
saiatuko ginake zilegi bagenu.

Gauzak hala direla, utz ditzagun neskak
ez baitituzten [sic, baitituzte?] sortzen baizik eta kezkak;
bainan nola isildu zein diraden prestak
eta zein atseginak dakizkiten beztak?
aiei, haien kontrako aszeten protestak!

Bakoitza printzesa bat baitirade neskak,
zergatik ez ditugu euki behar haintzat?
Gauzak diren bezala direla deritzat,
nire ikuspuntutik hortan nago behintzat,
ez dago zertan hartu guzti hau lizuntzat.

Azalpen hau bihoa Anttonen defentsan
zeinak jator baitirau fraide ta abadetan;
alferrik erabili bestekorik prentsan,
lili xuriagorik ez baita loretzan,
Anttonen kredituz ez ibili zer-pentsan.

Errezelo tontorik ez dezagun babes,
fuera bada hainbeste txantxa ta esames;
ez denarekin ez da zertan egin ames,
ez dago Anttonetaz zer juzgatu trabes,
Don Juan izateko xastarra den aldez.

Horra bada gaur Antton aingeru egina,
hobe genuke beste hainbeste bagina;
agian ez naiz izan behar bezain fina
ergelki erabiliz klaustroko gortina,
ai, zahartzaroak ez du zentzatzen arira!

Mutil zaharren kontuak hamaika badira;
irudipen aurrenak, hurrenak desira;
ezin ekilibratuz haien tirabira,
zurrunbiloan dabiltz beti jirabira,
udazkeneko horbel gaisoak balira.

Haizeak ekarri nau bazter hontaraino,
besterik etzait falta amaitzea baiņo [sic];
nola ote dut Antton, argi edo laino?
Ez da gaizki portatu isilduz oraino,
zorion opa diot gaurtik betidaino.

1983 - azaroa

Gaia 1: Laguna
Azpi-gaia: Lagunak: Urtebetetzekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa