Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

UBM-1^

Gizonak lanera irten du,
kioskoan periodikua erosi du,
Metroko eskailera automatikoz behera jaitsi da
ta
Metroan periodikua irakurriz doa:
Astelehenekoa.
Metroko eskailera automatikoz gora irten du gizonak,
presaka sartu da lantegira,
lan egin du lantegian eta
aldatu gabe buzoa,
bazkaltzera irten du. Bidean
ez du agurtu inor. Sartu da
etxean eta etxetik
lanerako irten du
presaka presaka.
Metroko eskailera automatikoz behera jaitsi da
ta
Metroan
lo-kuluxka doa. Metroko
eskailera automatikoz gora irten du gizonak,
presaka presaka lantegira sartu da;
lan egin du lantegian eta
bukatu du eguneko lan-aldia. Txikito bat
edan du bidean eta etxean sartu da. Gizonak
lanera irten du presaka presaka;
kioskoan peridikua erosi du; Metroko
eskailera automatikoz behera jaitsi da
ta
Metroan
periodikua irakurriz doa: Asteartekoa.
Metroko eskailera automatikoz gora irten du gizonak,
presaka presaka lantegira sartu da
ta
lan egin du. Gizonak
atzoko lan-modu bera egin du,
atzoko bizi-modu bera egin du presaka presaka.
Bihar
kioskoan periodikua erosiko du: Asteazkenekoa.
Metroko eskailera automatikoz behera jaitsiko da
ta
Metroan peridikua irakurriko du herenegun bezala.
Metroko eskailera automatikoz gora irtengo du gizonak,
presaka presaka lantegira sartuko da
ta
aurreko astean bezala, lan-modu bera egingo du,
bizimodu bera, aurreko urtean bezala.
Etzi Osteguneko periodikua erosiko du.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Jendea
Azpi-gaia: Bizitza: Lana
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa