Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

HGB-2^

Ez aingeruk eta ez arranok
hemen ez du jadanik
egitekorik ezer.
Denen eta denaren gainetik dago
hemen behar litzakeena.
Bakarrik, itsaso bat bezala,
gau bat bezala ta bertanbehera,
bertanbehera eta itsasoan,
gaupean eta bertanbehera,
gure begiek hutsari diote heltzen;
gure bakardadeak ez du
zuhaitz bat ere aldamenean,
bakardadea zaigu hazitzen
bertanbeherako gauean;
eta ilunez eta hutsartez
behera goaz ilunetan etxadiz behera (1)
mila teilatu bezala,
heriotzera amilka jausten dihoazenak bezala,
ta zuhaitz bat ezaren hutsa
haziagotzen zaigu aldamenean.
Abotsik gabe, begitan itzala, (2)
hutsa urratzen zaigula,
jadanik bakardadea datorkigu
ingurura ta gaueko isiltasuna
gure nahigabea etsipenera bultzatuz,
isilean gure malkoak hozkatu arazten dizkigula
gure bizitza bakardaderako
bakarrik bizi araziz,
nahigabearen azkena urrutiratuz
infernuan bezala
nekerik buka ez dakigun,
noiz arte behar ote dugun hala
ez jakitearen desoseguz;
begiak ditugu bakarrik zabaldu ahal
eta izutura ixuri,
hutsaren aurrean bertanbeherako
bakardadea gordinduz.

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: EHerria
Azpi-gaia: Bizitza: Oinazea/Pena
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa