Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ELRL^

Gortu egin zara?... Zein mingarri iatan
zure gortasuna! Pagoen geizpetan
jezarrita nago. Kukua kantetan,
orriak zarataz, prailleak berbetan,
abesten... lekaide barbulla gozotan.
Zenbat soiñu barri pagadi zarrean,
zenbat soiñu dator urrundik airean!
...ollo karkaxea, ume baten deia,
ardi-txiliña ta kanpae alaia
soiñu gozo dira gaurko goiz sarean.
Ainbat soiñu garden, oro da soiñua:
landare, odoldi, geizpe, abaroa...
Entzumenaren jai!... Ni neu gorrik baiña,
ni zeugan gogoa amatxu atsegiña.

Gortu egin zara?... Zein mingarri iatan!
Neu be gorrik nago pagoen geizpetan.

(Pagoek zarataz, anaiak berbetan,
txori kabitxu bat goiko adarretan...).

Ama, pentseu dozu iñoiz pagoetan?
Pagoek gor iatsuz, baiña bai alaiak!
Txalo baten daukez euren orri meiak
zerurantza beti, Jainko-gurariak
txalotzen, txalotzen. Zer irakaspena!
Pentseu dozu iñoiz pagoetan, ama?

Pagoen jantzia aizeak darabil,
ostroen muskerra txalo-joka dabil.

Pagoek bai pozik... neurtu eure poza
abarretan dauken kankoru-abesa*
ezin entzun arren. Zer irakaspena!
Pentseu dozu iñoiz pagoetan, ama?

Pagoak baleki zuk dakistazuna!...
zelan dan Jainkoa dana maitasuna,
zelan gauza danak geure onerako
zuzentzen dituan, nok susmau zelako
neurgaitz litzakean pagoen zoruna?

Iñoiz pentseu dozu pagoetan, ama?

(Pagoek [sic] gor dira, baiña bai alaiak,
txaro baten daukez euren ostro meiak).

Gortu egin zara?... Zein iatan mingarri
zure gortasuna ta zein maitagarri!
Jaunak itxi barik ezer ezin jausi,
ezin jazo ezer. Eskerrak Jaunari!

(Orrriak zarataz, anaiak berbetan,
ikara-dardar bat pago adarretan...
Ni neu gorrik baiña gaur zeugan pentsetan).

Inguruko ireak, ume ikutuak
daroeztez egin, aize gozatsuak,
arreba leun baten maite agertuak.
Jainkoa dabil gaur gauzakaz olgetan:
txirtxil ozenekaz landa jantzietan,
gari-buruekaz solo muskerretan,
ostro igertueka [igerrakaz] pago gerizpetan.
Ikus eziñezko esku argitsuak
usaiñez dakarztaz. Aren erraiñuak
danean dakustaz: izarrak uretan
ikusi banekus. Zenbat poz gauzetan.

Ama, begiratu goiko Jauna zelan
maitez dabilkizun nire bertsuotan.
Nire bertsuotan!... Berak sortu ditu,
Berak erne-azi, Berak nigan biztu.
Goiko Jaunak ezer esan badiñotsu
bertsuotan, ama, entzun egiozu.

Gortu egin zara?... Neu be gorrik nago
pago-deia ezik ezer entzuteko.

Pagoen ostroak, aizetan, zarataz
kantu bat diñoe onako berbakaz:

"Jaunarenak gara. Berak egin gaitu.
Euki dakoguna duban emon deusku.
Egin, Jauna, gugaz zeuk gura dozuna.
Beti damoskuzu egoki [komeni] iakuna.

Jauna dabil bere gauzakaz olgetan.
Jauna dabil nire gaurko bertsuotan.

Iñoiz pentseu dozu, ama, pagoetan?
Pagoek [sic] gor dira baiña bai alaiak,
txalo baten daukez euren orri meiak.

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: traszendentzia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa