Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

DGA-1^

Neure buru honi koplak
nahi nizkioke jarri,
gutxitan ari naiz lasai,
sarri dihardut larri;
bi arrazoi eman nahi ta
ezin dut bat ekarri,
pentsatzen hasiaz gero
ez al da negargarri [barregarri]?

Ipurdian sua bainu [banu]
ari naiz gehienetan,
garrantzi gabeko zernahi
gauza hartuz benetan.
Zer hau galdetu ohi diot
buruari maizetan:
ez ote dut afan txarrik
hainbateko arretan? (1)

Huskeria egiteko
hor nabil kopetilun,
sekulako arraultzea [arroltzea]
behar banu-ta errun.
Ez ote dut neure lanen
tamainarik ezagun?
Exenplu-faltarik ez dut,
bistan daukat edonun.

Oi, larri barregarria,
nire larri ergel hau,
batera ezin heldu ta,
nahi nituzke hamalau;
tema horretan hasi ta
tema horretan dirau,
azkenean pot egin ta
parajetan uzten nau.

Noizbait ikasiko banu
dakidanaren erdi,
ez nenbilke hain errea
hainbat su ta izerdi;
bitartean hemen nabil
zakur aurreko erbi,
larriarren kakaztuta,
praka eta galtzerdi.

Hau da lehenengo partea,
neuri dagokidana;
baina ez da hortan ahitzen
bizi dudan bolkana:
ezin zaidanez kabitu
neure baitan su dana,
inguru gaixoak ere
badauka zer jasana.

Ez dago zertan aipatu
denen bistan dagona;
hona hemen gardalatzez [I]
egindako gizona:
arantzak hemendik hara,
arantzak handik hona,
inorentzat gaiztoa ta
norberetzat ez ona.

Oraindik ez dakit asko
zein den giza oreka,
beti ari naiz urduri
tenten eta kolpeka;
alferrik sarritan egin
latzezko azterketa,
damutzen naizen orduko
apurtzen dut krisketa.

Kxiskitin krauskitin nabil,
kristalezko basoa,
lar fina izan beharrez
hausten erraz askoa;
arrosa-krabelinik ez,
bai zakar ta bastoa,
brintzek bir-dir jartzen dute
Orbelaungo astoa.

Berrogei eta hamalau
urtez nabil munduan,
sosegu asko ez duten
ipurloken moduan;
nahiz eta duda-mudarik
ez dudan helburuan,
ez darabilt formaltasun
askorik metoduan.

Tirulero tirularo
non da heldutasuna?
hemen nago, gozo baino
maiatzeko asuna.
"Aita zimelduta jausi", [II]
semea ezin suma,
batzutan irrintzi dagit,
bestetzutan aiuma*.

Hona urtegun-bezperan
nire koplen ritmoa,
airean irrun ta birrun
dabil erlaminoa*;
batek oraindik ez daki
zein den bere signoa.
Nahikoa kopla esan dut
eta gaurkoz banoa. (2)

Gaia 1: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Norbere Izaera
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa