Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Zer esango ote luke kandelak
bere buruaren gehiena
sutan, ketan
eta negarretan
joan zaiola
ohartuz gero?
Joan zaiola,
nora?
Joan zaiola,
asko konturatu gabe,
ke beltz bihurtzen zen sutan,
garranga luze egiten zen negar-malkotan?
Bere altuera
geroz laburragoa da.
Bere itzala ikusten du hurbil,
lehen erreparatu ere egiten etzuena
garraren mugimenduaren
kontrakoa egiten dion itzala,
gero eta ondorago datorkion
itzala,
zenbat eta behea urrago
eta orduan eta hurbilagotzen
zaion itzala,
goia gero eta urrunagotzen
doakiola
eta behea geroz eta urrago
duela
eta behin behea joz gero
bereak egin duela ohartuz,
zer esango ote luke kandelak?

(2000)

Gaia 1: Bizitza
Gaia 2: Denbora
Azpi-gaia: Bizitza: Heriotza
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa