Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

OAR^

Ipar haizetan horriak,
bustirik ditut begiak,
Nabarnizen dagoz nire [I]
ume akordu guztiak.
Ume akordu guztiak
bustirik ditut begiak.

Lehenengo Jaunartzea-ta
Nabarnizeri lotuta.
Lagun, eskola, olgeta...
badot nahikoa gomuta.
Badot nahikoa gomuta
Nabarnizeri lotuta.

Andramaritako jaiak:
bolandera ta kanpaiak.
Harri-jasotze proba-ta
erromeria alaiak.
Erromeria alaiak:
bolandera ta kanpaiak.

Eleizara bidez noia.
Nabarniztarren sasoia!
Jaiegun zabala bete
jendez plaza ta frontoia.
Jendez plaza ta frontoia,
Nabarniztarren sasoia.

Urrungo mendiak ilun,
akordu maiteak urrun.
Umetako memorian
Nabarniz lauso ta lurrun.
Nabarniz lauso ta lurrun
akordu maiteak urrun.

Zein pozik aurkitu naizen
gaur barriro Nabarnizen,
lehengusuen semearen
mezabarria ospatzen.
Mezabarria ospatzen
gaur barriro Nabarnizen.

Anjelmari dela bide, [II]
ezagun eta senide
pozarren alkartu gara
Nabarnizen barriro be.
Nabarnizen barriro be,
ezagun eta senide.

Pagadia horri barriz
udabarriko mirariz.
Gomuta barriz jantzi jat
barrien barriz Nabarniz.
Barrien barriz Nabarniz
udabarriko mirariz.

Nabarnizen ikusiak,
hantxe daukadaz begiak,
akorduaren betiko
laguntza daian egiak.
Laguntza daian egiak
hantxe daukadaz begiak.

Zerbait falta dot bakarrik,
ez daukat beste gogorik,
umetan lez Nabarnizen
ez dot entzun panderorik.
Ez dot entzun panderorik
ez daukat beste gogorik.

Gaia 1: Biografia
Gaia 2: Familia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa