Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ABG-1^

Jadanik bati denbora gutxi
geratzen zaiolakoa
ez da batere pentsatu gabe
zokora baztertzekoa;
gauza serio samarra dela,
ez dela pisu bakoa,
horrexek nauka erpez helduta,
noragabeko usoa.

Pentsatzen hasiz gero, bizitza
haizearentzat sare da:
etorri ahala doan indarra
hutsartearen jabe da;
gazte nintzena irri ta barrez
joan nintzenaren [zenaren] pare da,
irina merke eralgi nuen,
nire bahea gabe da.

Gaztetasuna ez ezik [ezik] sasoia,
sasoi-kondarrak ere bai,
garaiz kanpora ote nabilen
susmoak narabil daldai*;
galdu dugunaz ez dugu ezer,
igaro denaz ere jai,
adorearen pixka [pizka] urriak
geratzen zaizkit gozagai.

Errudunaren bizitzak ez du
zer-dasta gozo askorik,
akorduaren bazter gehienak
mikatzak ditu osorik.
Zerbait nahi luke konpondu baina,
hain dauka dena lausorik,
ilun-zorian kateatuta
ezin du eman pausorik.

Gaia 1: Denbora
Gaia 2: Bizitza
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa