Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Hegats^

Berde mardul zelaigoreneko pagoa. Berde dangel* pago barrengo zelaia. Altu zerua urdin, eta argi handia paraje zabal maitea alaituz. Nekazarien semeok ez dugula erremediorik, aizu. Nik ez dudala erremediorik. Itsas ertzean eta itsasoan bertan ere bai, eta lehorreko hiri erraldoi erdi hustuan, eta Nafarroako Herriberri [sic] mahastitsu eta olibaditsuan, eta Soriako eremu lakar eta usaitsuetan, eta Donapaleu artatza garatuz jantzian, eta Suizako Lausana [I] txukun eta loretsuan, eta sardinketari oinuts beltzez estaliak derakusazkidan Portugalko Setubal [II] sargoritsuan, eta hor dabilkit oroitzapena, hirurogei udatako giro eta gunetan barrena. Arantzazuko ikastetxearen gainkaldeko pagoaren gerizpe hezea dut hainbeste udaren behatoki, laborategi eta museo.

Udan argia da nagusi, eguna bere mugen ahalbidetaraino hanpatzen duena. Zein boteretsu eguzkia udan. Zein luzea eta ausarta haren txangoa. Iparretik ekialdera bitarteko Harlepo gainetik [III]azaltzen zaigu goizean goiz, noranahiko distira adoretsuz eta sekulako galant, ikastetxea ostetik argituz; handik ekialderantz abiatzen da poliki, beti gorantz, goiak harrapatu ahala sendoago eta beroago azalduz, arik eta eguerdian, zeruaren gorenean eta zutik loak hartzen duen arte, suzko ziba bat bailitz, eta gero, hegoaldera zirkinik batere egin gabe, sartaldera abiatzen da oso geldiro eta denbora lasai baino lasaiago emanez, azkenean noizbait iparraldetik berriz ere ikastetxea ostetik argitzen duelarik, Anbotora baino lehentxoago mugako mendi kaskora jaisten den arte; hantxe egiten du apatx alditxo batean, zeruak sarrerako dekorazio bikain eta beti ikusgarria atontzen dion artean; gero, irrist narras bat eginez desagertzen da halako batean, eta han ere gauari berandutu arazten dio alde bat.

Ekaina aurrera dihoa eta ireki da egunaren angelua ezin gehiagoraino eta argiak gainez egiten dio lurraren gainaldea mugatzen duen lineari. Noiz iluntzen du San Juan bezperan? Umetatik ikusten dut egun hori luze. Aita, noiz biztuko dogu sua? Iluntzen hasten dauenean. Eta noiz hasiko dau iluntzen? Aitak aurretik ebakitako sastrakak genituen han, nebarrebok pilan jarriak, eta guk erretzen ikusi nahi genituen, ez argiaz nekaturik geundelako, haren inguruan saltosaltoka ibiltzeko eta aitarekin kantuan ekiteko baino. Eta zeru barrenaren urrunean egunaren azken ilintiak erretzen zihoazenean, guk sastraka lehor piloa iziotzen genuen eta suari eta garrei bizirik eutsi nahi izaten genien gustora sentitzen ginelako garren argitara. San Juan bezperan sastrakak piztu behar hau ere bada argiarenganako zoramen nahitaezkoren bat edo. Ni neu urte luzez eraman nau zerbait halabeharrekoak San Juan bezperetan erregai metatuei sua ematera, bezpera hori biaharamuneko argiaz uztartu guran edo. Azken urteotan seminarioko gorengo terrazan jartzen naiz egun luzearen amaibako iluntzeari eta etxe bateko eta besteko suei, itxungitzen diren artean begira. [IV] Gogoetak egiten ihardun ohi dut, argiaren mozkorra poliki hausnartzen dudan bitartean:

San Juan bezperan
beranduan argi,
gautu orduko
biharamuneko
egunsentia
betargi.

San Juan eguna
luzean luze,
jori ta usaitsu,
guri ta heze
dena fruitu eta
dena ostape,
heldu baino gordin,
bero ta berde,
udako eguzki
goritan erne.

Aizu, uda lehorra da nahi baduzu, eguzkiaren lamada* geldi eta geldoak du txigortzen, baina berdea da, edotariko berderen edotariko gamak zein bere betera ekartzen dituen garaia.

Argia, beroa eta berdea da uda lehorrean, azul ilun zurinabartua itsasoan.

Gustoko zait argia, eremua urrutiraino nabari arazten didan argia, begietako bista lausotzeraino gizentzen den argia, laino zuri eta lodi baten aurrean jartzen nauen argia, zuri hutsez itsutzen nauen argia.

Gustatzen zait beroa, itzala eta haize freskoa atsegingarri egiten dizkidalako, baina baita ere azalak eguzkiaren izpiak estimatzen dizkidalako, eta izpien behatzak mamiak gozatzeraino heltzen zaizkidalako.

Gustatzen zait berdea, umetatik zait gustagarri. Bizitzaren kolore aurkitzen dut berdea, eta ez da seguru asko landare artean ireki nituelako begiak, ez, beste zerbaitegatik izan behar du; agian berdearen eta gordinaren artean datekeen nolabaiteko senidetasun zentzual airekoren batengatik.

Gustoko zait azul iluna nahiz itsasoan, nahiz zeruan. Gaurik ilunenerako bide sakon aurkitzen dut urdina; nahiz zeruko azulez, gora ta gora begiratzen dudala geldi ta luzaro, nahiz itsasoko uren barrenera begiratzen dudala behera eta behera, begiok ilunera iristen zaizkit, ilun handira. Eta iluntasun handia eta isiltasun handia eta bakardade handia atsegingarri zaizkit, itsutasun zuria bezala, irentsi egiten nautelako nolabait, berenganatu arte irentsi, iluntasun isiltasun bakardade itsutasun erabateko bizian barrentzen nautelako bizirik eta hazirik. Zentzazio hauek beti izan zaizkit gustoko, agian zorabioan atsegin hartzen dudalako, agian neure burua galdurik, osotasunean sentitzen naizelako integraturik inongo ez inola eragozpenik ez duen giro gozatsuan.

Izerdi usaina du udak. Oporrez edo astiunez edo hartarako aukerez baliaturik hondartzako harea berotan etzanik eguzkiaren garretan urtzen jartzen gareneko izerdiarena, zelaietan, mendietan, igerilekuetan egunaro argi eta beroaren atsegin iturriari ematen gatzaizkionean, tanto loditan darigun izerdiarena. Ama gaixoa! Argi bero eta gogoko honen azpian gorputza gozatzen zaidan honetan, oroitzapenaren erretratuetan hemen zauzkat, soro-lanerako prestatzen. Eskuetako azalik ere ez zenuen jarriko zuk zeure borondatez, eguzkiaren errainupean. Buruzapia ipintzen ikusten zaitut. Non gorde duzu aurpegia, ama? Bekokitik aurrera luzatu duzu arraerdi bat buruzapia, teilatu-erlaitz asko irtena dirudiela. Beltzaran jaio zintuzten eta zuk ez zenuen ilunagotu nahi zure kolorerik. Azal urdinekoa da aita. Eguzkitatik ondo gordetzen du burua kapela zabalez, eta besoak ere bai eskumuturretarainoko alkandora-mahukaz. Soroko ardorak* erre egiten du, lan luze eta gogorrean batez ere. Aita izerdiberago da zu baino, ama, eta sarri bidaltzen nau iturriko uraren bila. Besoaz txukatzen du bekokian behera txirrioka darion izerdia, eskuetatik hartzen dit potina, jasotzen du, aurpegia parean atzeratzen du eta han ur-zirrista bihurri eta gardena aitaren ahora. Gorgoilak gora eta behera egiten dio aitari okozpean, zurrutak dirauen artean. Beharko edan eguerdi aurreko asperotan, guztiz idortuko ez bada. Artajorratze, belar ihartze, gariebakitze-jotze garaiko sapa gaitzetan izerdi berri eta zaharraren usaina dute, eguzkia behar eta eguzkitatik gorde nahi duten guraso maiteek.

Uztaila da agian, abuztua beharbada. Apain eta dotore jendea Zarautzko eguerdi argitsuan arin jantzirik [V]. Hondartzarako bideetan, adin guztietako pertsonak samaldan, eskuoihalak bizkarretan, besapeetan, eskusareetan daramatzatela eta itzalak baino zintzoago darraiela izerdi usainak.
Bazkalaurre hontan gerizpea ere ez da izango txarra, eta edari freskoa eta egonalditxo bat Getarira begira. Ez ote ditugu izutuko euliok? Astunak doaz egunok, beroak. Iluntzera freskatu behar luke, baina haize errea dabil berton ere. Egunotan izerdi usaina dute autobusek, dendek, tabernek, bizartegiek, liburutegiek, kafetegiek, zinemek, diskategiek, trenek. Sargori egiten du, izerditsu aurkitzen gara, nagi eta utziagoak, aizu.

Uda asko dut aldean
oroipenen sarobean,
ezin dena laburbildu;
halere ale batzuek
nahi izan ditut opildu.

Zenbait bizipen hausnartu,
bero argia gozartu,
garai ederra da uda;
leku ta modu askotan
gozatu dudan puntu da.

Madrile alde batean,
itsas aldea bestean,
lehorra eta hezea;
atsegin nahiak bizi du
alde guztitan jendea.

Oporretan uste dugu
zoriona buruzburu [sic],
gose da gure irrika;
asegaitza ase nahirik
alferrik gabiltz apika.

Gertuan dugun apurra,
haizea, ura ta lurra,
onirizten bageneki,
agian zorionaren
berri genuke emeki.

Ikastetxe gainkaldeko
pagopeari natxeko,
gutxi bezainbat asko da:
osasun jantziez badut
zer eramanik ahora.

Frailetzan ezer ikasi
badut, hau dut irabazi:
gauzei lotu gabe bizi,
gutizi zikoizkeriak
sortu orduko iraizi.

Eskura zer zaigun jartzen,
jakin hura estimatzen,
opari bailitza dena;
esker onezko tenplea
bera zorion onena.

Gaia 1: Urtaroa
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Urtaroa: Sanjoan
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa