Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

San Juan bezperako gau beranduan fraideak etzuen ohean ez gorputzik sosegatzen ez oroitzapenik menperatzen. Gorputzak ezin zion gustuko posturarik hartu eta akorduz akordu zebilkion gogoramena, buru belarri bizi izandako eszenak eta eszenak bekokian proiektatuz, denak ere argi biziegiz. Asaldatua zegoen, nerbioak lar bihurri eta aztoratuak bezala zebilzkion gorputz guztian eta etzegoen oroitzapenen pantaila itxungiko zionik.
Bestetan baino askoz beranduago oheratua zen. Azkenengo suaren hondarrak itzali zirenean ia. Gomistegikoek piztu zuten lehenengo San Juan sua, gero Goikobentakoek, Sindikakoek. Aizkirrikoek lehenago piztu zuten Zelaizabalgoek baino. Seminarioan etzen zurik piztu. Urteak ziren jada Seminarioan San Juan bezperako surik pizten etzela. Komentuan, sindikarantz dagoen harruan, Fr. Anjel berak piztuko zuen azkenengo San Juan sua orain baino urte batzuk eta kilo batzuk gutxiago zituenean eta oraindio osasun aitzakiarik ezagutzen etzuen aldi sasoitsu hartan. [I]
Frailerik* gehienek, seguru asko, etzuten San Juan bezperako suaren akordurik ere. Fr. Luisek bai. Fr. Luis, urteetan aurrera zihoan arren, urtero joaten zen Goikobentakoek pizten zuten suaren inguru nahiko jendetsu eta alaira [II]. Anjel, afal ostean, eguna noizbait iluntzen hasi zenean, Seminarioko gorengo terrazara igo zen, bakarrik eta soseguz, zazpigarren solairuko begiraleku paregabe hartara. Yoni [III] izan zuen urte askotan San Juan bezperako ikuskizunaren kontenplazio eta solas lagun. Yoni eta bien artean eskuz esku edaten zuten egokiera hortarako gordeta eta ondo freskaturik eraman ohi zuen Getariako txakolin botila. Azken urteotan akorduan baino etzuen Yonirik, ordea. Yoni destinoz beste konbentu batean bizi zen. Orain berak bakarrik ikusten du San Juan suen ikuskaria, bakarrik hitzegiten du eta bakarrik edaten txakolin botila osoa. Orain ez du nori kontaturik umetan eta baserri bakartian zelan prestatzen zuten San Juan sua: egunak lehenago nola bide ertzetako sasiak ebakitzen zituen aitak eta guk nola etxeburuko soro goenean pilatzen genituen sasi, albitz*, arkasatz* eta saskara*, eta egiten genituen poz handiz eginkizunok eta nola egoten ginan luze etsita bai San Juan bezpera bera, eta bai sua pizteko ordua. Aitak piztutzen eban sua [IV]. Ordua baino lehenago, seguru, eta genkizanak esan eta kantatzen hasten ginan:

"San Juan, san Juan
soloetan,
artoetan ta garietan.
Sorginak erre,
lapurrak ihesi,
gora, San Juan".

Aitak beti esaten ebazan gauza berriak eta politak. Bere moduko musikak eta bere moduko bertsoak erabiltzen ebazan:

Suak kekoak* erre, (1)
bedar txarrak garbitu.
Suak argitu eta
pozez beteten gaitu.
Kanpoak San Juanek
bedeinkatuko ditu.

Eta beste halako. Eraskinean ikus ditzake jakin nahi lukeenak. [V]

Gaur San Joan bispera,
biar barriz san Juan.
Poza saltoka dabil
egunokaz munduan
geu bere gagoz
sekulako moduan. (2)
San Juan eguneko
goiz-sentiko iruntza,
arexek osatzen dau
gatxetatik gorputza.
San Juanek deiskula
biar dogun laguntza.

Yonik gustura entzuten zizkidan kontuok eta nik zirenei eta zitezkenei zabaltzen nien ataka eta banekienez gure aitarenak zer zitzaizkion atsegin, ba, ahoa zabaldu eta bota egiten nizkion aitarenak zitezkeela iruditzen zitzaizkidanak eta han jartzen nuen aita etxaburuko soro goeneko San Juan su —sutxu?— haren aurrean eta gu —nortzuk ote ginen?— gehienez ere hiru kakanarruon ondoan, bereak izan zitezkeenak, hori bai, bereak izan zitezkeenak kantatzen. Seminarioko terrazak memoriarik balu, zenbait aitarena izan zitekeen bertso ez ote luke gogoratuko! Yonik hori badaki. Bazekien Yonik zer zen niretzako San Juan bezpera. Ikusi egiten zuan Yonik aldatu edo egiten nintzela San Juan bezperan, nintzena baino askoz gehiago egiten nintzela, hazi edo; behar bada gehitu egiten nintzela naturarekiko sentiberatasun eta harengandiko gertakari naturalen ulerkuntzan eta hareagotu egiten nintzela lurretiko sentikariak hautematen eta berauen adierazpenean. Lurrarekin eta bere inguruarekin hartueman handian jartzen nintzela, sustraiak nituela oinetan, intxaurrondoak bezalako sustrai luze bat bezalakoa nuela lurrean sakon ere sakon sartua eta pagoak bezala nituela hogei sustrai zabalean itsatsiak lur lurrari eta intxaurrondo edo pago mardulenaren adaburua bezala hedatzen nintzela aidean zeru lurren emanazioei adi, eta nik orduan aitarenak egiten nituen.
Zenbat holako entzun ete deustaz Jonik urtea joan urtea etorri! Izan be neurez berbaldun txikia izan arren akorduen ontziak irakiten deustanean geratu bako esan bearrak izaten dotaz. Yoni akordu bat besterik ez dot orain hementxe, terraza altu honetan, bestela erreparatu eragingo neuskio Aizkirrikoen suak onemak emanik dituela, eta Gomistegikoak eta Zelaizabalgoak. Goikobentakoek sardagaz diardue ertzetan geratu diran adar eta sasi kondoak erdiko txingartzara botaten. Julian [VI] izan behar dau sardagaz dabilena. Momentu baten arrotu da sua eta luzatu ditu garrak, baina laster apaldu da.

Gaia 1: Sanjoan
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Biografia: Familia
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa