Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

ARAN^

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik hurbil bezain
urrun dugu bakea.

Bakea paradisuan izan zen urratua,
hango bikoteak justizia baino
norbere interesa bilatu zuenean.
Ordutik hona norbere interes huts
itsu eta ankerra da, ongizko bakearen
betiko hiltzaile: Kainek Abel hil zuen
anaiarenganako inbidiak eraginda.

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik hurbil bezain
urrun dago bakea.

Ezin da bakerik inolaz eraiki
inoren eskubide bidezkoak zapaldurik.
Ezin da bakerik inolaz eraiki
batak bestearen berezitasunak
indarrez deseginik.

Elkar onartu arte, den bezalakoa dela,
bakoitza bere hartan aintzakotzat hartzen
ez dugun bitartean, alferrik da bakea
aldarrikatzea, bakea eskatzea,
bakea planteiatzea; gezur hutsa delako,
elkar engainatzeko besterik ez delako,
bele zikina delako uso zuritzat sartu
nahi genukeen bakea.

Ez da erraza bakea,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik hurbil bezain
urrun dago bakea.

Gurutzean josi zuten,
eguneko ogia eskatu zuelako,
barkatu zuelako
eta barkatzeko agindu,
fariseokeria salatu zuelako
eta juzgu txarrak debekatu,
askapena hotsegin zuelako
eta zapalketari gogor egin,
elkar maitatzeko legea eman zuelako
eta justizia hotsegin.

gaitzetsien gurutzean
hil zuten bakea.

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik urrun bezain
hurbil dugu, ordea. (1)

zeren eta bakea lehenengo eta behingoz,
barnean daramagun grina txarren belea,
geure izate geurea hezi eta eskolatzeko
betiko burruka besterik ez bait da.

Burruka da bakea: Norbere interes itsu
eta ankerren kontrako burruka bizia.
Geure gutizia eta malizia
eta inbidia eta hipokresia
hauts ditzagunean, eroriko zaigu
elkar maitatzeko dugun eragozpena,
eta berehala biztuko da elkar maite dezagula
agindu zigunaren Bazko aro narea,
eta aurrerantzean erraza izango da
oraindik nekeza den, oraindik burruka dugun
benetako bakea.

________________

AOB^

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik hurbil bezain
urrun dugu bakea.

Bakea paradisuan
urratu zuten lehenengoz,
justizia baino
norbere interesa
bilatu zuenean
hango bikoteak.
Ordutik honuzkoan
norbere interes huts
itsu eta anker da,
ongizko bakearen
betiko hiltzaile:
Kainek Abel hil zuen
Abelenganako
inbidiak eraginda.

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea:
Gugandik hurbil bezain
urrun dago bakea.

Bakerik ezin da
inolaz eraiki
inoren eskubide
bidezkoak zapaldurik.
Ezin da bakerik
inolaz eraiki
inoren bereiztasunak
indarrez deseginik.

Elkar onartu arte,
den bezalakoa dela
bakoitza bere hartan
haintzakotat hartzen
ez dugun bitartean,
bekatu da bakea
aldarrikatzea,
bakea eskatzea,
bakea planteiatzea,
gezur hutsa delako,
elkar engainatzeko
besterik ez delako
uso bailitza sartu
nahi dugun belea.

Ez da erraza bakea,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik hurbil bezain
urrun dugu bakea.

Gurutzean josi zuten
eguneko ogia eskatu zuelako,
barkatu zuelako
eta barkatzeko agindu,
fariseismoa salatu zuelako
eta juzgu txarrak debekatu,
askapena otsegin zuelako
eta zapalketari gogor egin,
elkar maitatzeko legea eman zuelako
eta justizia hotsegin,
hil egin zuten bakea.

Bakea ez da erraza,
aukeran nekeza da
bakea.
Gugandik urrun bezain
hurbil dugu ordea,

zeren eta bakea,
lehenengo eta behingoz,
daramagun belea,
geure izate geurea,
hezi eta eskolatze
burruka besterik ez da.

Burruka da bakea:
norbere interes itsu
eta ankerren kontrako
burruka bizia.
Gure gutizia
eta malizia
eta invidia,
eta hipokresia
hauts ditzagunean
jausiko da gure
elkar maitatzeko
dugun eragozpena
eta berehala piztuko da pazko jaia,
eta aurrerantzen
erraza izango da
oraindik nekeza den,
oraindik burruka den [dugun]
bakea.

Gaia 1: Bakea
Azpi-gaia: Bakea: Barnekoa
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa