Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

—Gernika erre egin zuten.
—Bai, badakit. Baina
nortzuk ere zuten Gernika?
—Zuriak, faxistak, Frankorenak.

—Gernika erre egin zuten.
—Bale. Baina zergatik erre zuten Gernika?
—Euskadi aske baten alde zihardutenen erresistentzia morala birrintzeagatik ere bai.

—Gernika erre egin zuten.
—Zaude. Gernika erre zuten bai, baina salbuespenak eginaz:Hau bai ta hori ez, erre zuten Gernika.
—Baina Gernika erre egin zuten.
—Horixe erre zutela! Baina
zer erre zuten Gernikan?
Ez zurien, ez handiki faxisten,
ez eskuindarren ardurapekorik ezer.

—Halere Gernika erre egin zuten.
—Ez ba erre! Gura izan zuten guztia zuten
erre, kiskali, apurtu
hil eta masakratu Gernikan.

Beltza izan zen Gernikakoa.
—Krudela, amorruz egina.

—Ahal zuten, eta ahal zutenez gero,
egin egin zuten.
—Herria erre zuten Gernikan.
—Herri herria. Tiranoek dakitenez,
gustoko ez zitzaien guztia
biktima aukeratu zuten
eta etxe eta pertsona
zukutu zuten Gernika.

—Defentsarik gabe zegoen Gernika.
—Defentsarik gabe eta
eraso handiagoren
beldur handiagorik gabe.

—Zergatik behar zuen
ezer gaiztoren zain egon,
ezer gaiztoren errurik
ez zuenez gero?

—Horixe: Gernikak ez zeukan zergatik
aparteko beldurrez egon,
hain zuzen ere ez bait zen
gerrarako bizi.

—Jende apalaren eta
dendari-jende arrunten
etxadia zuten
bi eratako bonbez luzaro eraso:
bonba birrintzailez eta bonba su-emailez.

—Alabaina jendea zen
guztiz maspildu nahi zutena.
Sutetik alde zegitenei
ametrailadoraz jarraikitzen zieten.

Azken baten jendea da
suntsitu nahi izan zutena Gernikan.
Plaza-eguna aukeratuz,
bertako eta alboherrietako jendea,
bonbarik alferretan galdu barik,
erraustu ahal izan zuten.

—Jende euskalduna da
Gernikan triskatu zutena.
—Jende euskalduna eta Euskadiren
euskaraz bizitzeko gogoa.

—Euskadiri ez zioten barkatu
paregabeko hitzkuntza batek
paregabeko nortasuna damaion
paregabekotasuna.

—Eta bonbardeatu egin zuten.
—Euskadiren nortasun gogoa,
Euskadiren aske bizitzeko gogoa,
Euskadiren pizkundea zuten
bonbardeatu Gernikan.

—Eta erre egin zuten.
—Mundua izutzerainoko
basakeriz ekin zioten
Gernikaren eta Gernikak
sinbolizatzen zuen
Euskalerriaren suntsitzeari.

Gaia 1: EHerria
Gaia 2: Euskara
Azpi-gaia: EHerria: Nortasuna
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa