Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

UBMG^

Lehenengo erretangular,
gero
tunel bihurtu zait
ibilbide oro:
kalea tunel, etxea tunelago.
Azkar ibiltzeko
metroa bezalako
ibilbiderik ez dago.
Ezpaloiko kioskoan
Marka [sic] erosi dut.
Aurten garestiago
dago ihaz baino
baita metroa ere.
Deportea da geratzen zaigun
dimensio [sic] gehieneko
asaska* bidea.
Marka irakurriz
desmarkatzen dut metroa
kilometrotan edatuz
zabaleroa.
Ez dago eguneroko
prentsaren bigarrengo
halako zabalunerik. Ogibideko
kuadernoak atarian herstutzen du dena
Gero
noizbaiten, berandu
besteak egiten duten
usarioko bidez
etxera itzultzen naiz gauero.

Lanera joan behar da
zortziretarako.
Metroa hartu behar da
zazpiterdietan
ohetik jaiki behar da
zazpiretan.
As hartu behar da
ala Marca
ta irakurri deporteko
xehapen guztiak,
lagun artean
ongi geratzeko.
Bazkaltzera joan behar da
etxera ala lantokiko jan gelara
As ala Marka komentatzeko
lantokiko jan gela hobe
andrea ta aurrak baino.
Lanera itzuli behar da
ordubietarako
seiretan jarraituko dugu solasa (1) [I]

Gaia 1: Jendea
Gaia 2: Hiria
Azpi-gaia: Bizitza: Lana
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa