Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Ikusten zituen behorrak eta moxalak
Aloina maldetan, Harlepo bizkarretan,
Artzanburutik beherako zelaietan
bihokak, moxalak
ikusten zituen Urbiako lautadan zehar,
suzko zati ibiltari, irrintzi garretan
korrika edo burruka, mendien arima
diztirak bailiran.
Ikusten zituen mendiak belarra eta arbolak
zerizkiela indartsu eta berde
ikusten zituen mendiak eta mendi barrenak
artalde zuriz, baserri eta belardiz,
eta behorretara itzultzen zituen begiak, zaldien
aurrean iperturti* egiten zuten behorretara.
Suak, garrak, indarrak, erakartzen
zituen haren begiak.

Eta kea ikusten zuen, tximini handitatik gora, lardi eta arbola handien subil bihurriak bai liran, harkaitz arteko kiniebru bihurrien tankera mila aldiz handiagotan zeruan galtzen zela. Eta sua ikusten zuen maiatzeko zaldi, behor eta bihoken zoilutasun eta grina bizkor eta bizitzazkoz labetzar inpernua bezin handietan burdina berotzen urtzeraino behartzen burdina. Eta Deustuko zubitik aurrerantz itsaso egirantz dijoan ibarreko suaren indarraren eta burdinaren ikusi gosetan, bizitu gosetan eta egarri bizitan jartzen zen, teilatu beltzen gainetik gorunzko tximini beltzen ke beroari begira, itsasontzi handien aldameneko grua altuagoen burdinazko kemen, tankera ausardizko, eta pultzu ikaragarria begiratzen.

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Hiria
Azpi-gaia: Izadia: Animaliak
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa