Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Igo zeure bizikeraz,
dagokizun zeure gizaeraz,
maitasunaren samurtasunak
zaitzala eragin-eraz.

Ideia ta leiha gaztez,
ahal dukezun bezain artez,
eraso mundu berrigintzari
arrosazko borondatez.

Gorputzen jasa batetik,
irriparrea bestetik
mundua zeuok dezakezue
atera gandu artetik.

Ezteiak ditugu bistan
bataioak ere listan,
bertan duzue edertasunez
goza ta ekin konkistan.

Andre Maria Martiko
gazteak ditut begiko,
babespe argi handikoz
poztu itzazu betiko.

Zein ederra den gaztetasuna,
muskil berrien zalutasuna!
Kanta dezagun gaztediaren
sasoia eta gurentasuna.

Bide bazter honetatik
esango dizut, Jauna, nik:
eskerrik asko gazteei darien
argitasun brintzagatik.

Lurreko gaztejendea,
indar bizkorrez betea,
oi, zer sasoiak bizi zaituen,
oi, zein den zure dotea!

Bizitzan gora garatuz
bizi-zirrarak gozatuz
argitan zatoz argi egile,
berezko pozak sakatuz.

Galtzada berriz bidari,
pausoan baino, saltari,
ametsak eta helmuga goiak
darabilzkizu pozkari.

Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa