Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Herriaren aurrera agertzean
lotsa sentitzen dut
eta esker ona.

1. Zer dela-ta lotsa? —Herriarekiko zordun ikusten dudalako burua. Zertan zordun? —Ontasunean batik bat. Gure Herria ona da. Gizaldiz gizaldi landu du ontasuna jadanik berez berez on izateraino. Herritik nigana berez zetorren ontasun hori hartu ez dudalako bi aldiz natzaio zordun ni neure Herriari, eta lotsa dut sentitzen Herriaren aurrean.

Gure Herria ona dela agertzeko, gure Herriaren esker oneko izatea da nahikoa. Hutsagatik da esker oneko gure Herria. Edozein huskeria du esker onez hartzen, sustantziazko gauzarik zor ez balitzaio. Gure Herria negargarri esker oneko da, negargarri ona delako. Eta negar egin arazten dio bati erantzun hoberik eman ez diolako, lukurra izan zaiolako, asti-unetako apurra besterik eman ez diolako.

Aspaldikoa dut nik neure Herriarekiko zorraren kontzientzia. Noiz nuen idatzi "Nik Herriari zor diodala Herritik hartu dudana"? Eta ona hemen ni, asko hartu ta gutxi eman, gutxi eman eta asko hartzen.

Herriari itzuli diodan apurragatik
Herriaren esker ona hartzen.

2, Egia esan, gizagaiso izateraino ona den gure Herriari ezeren zorrik nionik ohartu orduko bizitzako sasoirik onena igarorik nuen.

Egia esan, gauza ere ez naiz Herriari zor diodanik ordaintzeko.
Baina egia esan, banaiz gauza Herriarekiko esker ona sentitzeko eta herriarekiko esker ona sentitzen dudala aldarrikatzeko eta Herriarekiko zorraz oraindik ohartu ez denari deadar egiteko: "Hik Herriari zor diokela, Herritik hartu dukana". [I]

Gaia 1: EHerria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa