Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

AOB^

Bitoriano, adiskide: Zenbat denbora daramazu ezer idatzi gabe? Noiztik noizerako "zerbait-txoz" aparte ez duzu ezer idatzi aspaldiotan. Orain zertan galtzen duzu denbora? Ze, denbora galtzen ari zara. Egutegia egunoroko orria galduz doan legez zoaz egunoro, egunak galdu eta galdu. Zenbat orri geratzen ote zaio jada zure bizitzari? Badakit egin beharrekoa den hartan-hortan aritzen zarena, baina lasai al zaude egiten duzun delako horrekin? Hortarako utzi al zaituzte Arantzazun? Egiten duzun hori al da zure egitekorik behinena? Bide eta modu askotatik dakizu zuk, Bitoriano, egiten duzun hori berori ez dela bete-betean zure eginkizun guztia. Seminarioko zeregina oraindik amaitu orduko hazi zinen zeure etorkizuna asmatzen eta prestatzen. Ttirrittaren antzeratsuko izan nahi zenuen aurrerantzean: kantuari emana. Bereziki kantuari emana. Beldur zinen, eta ez alferrik, gauza izango ote zinen beste ezer baino lehen ttirritta izateko, gainontzeko ezertan baino lehen, kantuan aritzeko. Eta bistan dago gaurdaino behintzat ez zarela gauza izan ez jendeari ez paper zuriari esateko: nik idatzi egin nahi dut, nire eginkizun serioenetako bat idaztea dela deritzodalako.
Besarkada bat eta besterik ez gaurkoz.

Gandiaga.

Gaia 1: Idazlea
Gaia 2: Biografia
Azpi-gaia: Bizitza: Esperientzia perts.
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa