Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

Ik. Olerkiaren konposizio grafikoa .pdf formatuan

AOB^

Agian, betiko gisa,
grisa
dago Bilboko ibaia.
Deustuko zubitik
itsasora bidean
ikusten dut gandu
edo kedun zerupez
haren inpresio
oroimenean sendo
itsatsitakoa.
Goiz batez ikusi nuen lehenengoz
ala arratsalde ote zen? (1)
— Grua handiak zituen
arbolen ordez ertzetan-.
Gero ere ikusi nuen
bitan, hirutan?
— Arbola handien pareko
zikoniak zirudien grua hoiek-.
Arratsaldez ere ikusi ote nuen nago.
— Itsasontzi handiena baino
itsatsiagoa dut gruen arkitektura.
Zikonia keradun*
burdinazkoa-.
Zeru baju eta
erdoi haustatutan [sic]
eguzkia apal,
burdina opariaren
[lurrurunetan?] zurbil.
Aizeak zikinez betetzen ditu
sudur zuloak.
Gruak batzuek geldi
besteak kurrinka;
hain da ulertu ezina
eta hain da adigarria
karrazika dinostana!
Atzerri zirrarakor dut
paraje hau
eta akordu ganduz eta abarrotsez
betea.
Burdina bizien
industriaren arbola
arraro eta berrien irudiak
gurutzatzen zaizkit
gurutze ez diren formak zintzilikatuz
bata bestearen aitzinean
ibai grisaren luze guztiko ertzez.
Parke estrainu bateko
inpresio burdinazkotan
murgiltzen naute.
Eta uren kolore horizka ta zikinetan
itsasontzi handiak
gabarra txatarraz beteak
eta boteila husak.
Zein tristea den
hizketan ari zaidan
guzti honen hizkuntza
ez ulertzea!

Badirudi tximiniak (2)

Gaia 1: Hiria
Azpi-gaia: Hiria: Industria
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa