Bitoriano Gandiaga

Literatur idazlanak

OAR^

Behorren irrintziak nau (1)
aterazi lehiora [sic],
eguzki jauna igo da
mendi bizkarrez gora,
Irail ederra landetan,
irten naiten kanpora,
agian usoak doaz
ifarretik hegora.

Bizitza-soinu alaiak
haize gozoz kantari,
izakiak ehun kolorez
begien gozakari,
bideak zehar irten naiz
erantzunen ehiztari,
galdez ari bai natzaio
zeruko argiari.

Barru gazigozoz noa
zelaietan barrena,
gauzak hain argitan eta
gizonok, hauxe pena!
ezin urratu inola
lausodura zekena,
ez dut hain garbi ikusten
ikusi nahi nukena.

Ardi eta behor pozik
Aloņako hegian,
gurutze bat ageri da
mendi-punta jagian,
hauxe besterik ez nuen
erantzuna agian,
zentzua topatzen diot
fedearen argian.

Badakit Norengan dudan
sinesmena ezarri,
Huraxe geratuko zait
zalantzetan euslari,
Bera duket ilunpetan
begion argigarri,
Hura lagun dudalarik
ez nabilake larri.

Argiaren Egile On,
zaitzadala nik ikus,
Baduket pozik sobera
Zuk begiak argituz,
gurutzean zaude baina
berbizkuntza-errainuz,
naramazu eskutikan
gura duzun eremuz.

Behorren irrintziak nau.... (errepika).

Gaia 1: Izadia
Gaia 2: Jesukristo
Edizio kritikoa: Paulo Agirrebaltzategi
Gipuzkoa.net-aren logoa